argia.eus
INPRIMATU
Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan
  • 2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.

Olaia L. Garaialde 2025eko ekainaren 27a

OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, iktusa edo istripu zerebrobaskularra munduan heriotza gehien eragiten dituen bigarren kausa da. Hau da mundu osoko heriotzen %11. Horrez gain, helduetan desgaitasun neurologiko kronikoaren arrazoi nagusia da. NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak 2009tik 2023ra izandako iktus kasuak jaso ditu. Datu horien arabera, populazioa zahartzen ari den arren, azkeneko hamar urteetan %21 jaitsi dira kasuak.

Urtero 1.044 kasu berri inguru erregistratzen ditu Osasunbideak. Iktusak garuneko eskualderen bati eragin dakioke aldi baterako edota behin betiko. Bi arrazoirengatik sortu daiteke. Alde batetik, odol fluxua murrizteagatik; iskemia deitzen zaio horri. Bestetik, odol-hodi bat apurtzearen ondorioz sortutako hemorragiagatik. Ikerketaren arabera, iktusen %72,4 iskemikoak izan ziren, %19,9 hemorragikoak eta gainerakoetan ez zuten zehaztu.

Asko dira iktusak eragin ditzaketen faktore arriskuak; hala nola hipertentsio arteriala, fibrilazioa, kardiopatia iskemikoa eta diabetesa. Ikerketaren arabera, lehen iktus baten ondorioz ospitaleratutako nafarren % 84,4k arrisku faktore bat zuen, eta %57,7k bi. Horien artean, daturik altuenak izan ziren hipertentsio arteriala (%47,2), dislipidemia edo kolesterol altua (%32,6) eta fibrilazioa (%29). Alabaina, horrek ez du esan nahi horregatik izan direnik. Beste faktoreetako bat adina da; izan ere, iktus bat izan dutenen artean, hirutik bik 75urte baino gehiago dituzte.

NOPLOIren arabera, bizitza ohitura “osasuntsuak”, aurretiazko diagnostikoek eta faktore arriskuen kontrola eramateak eragina izan dezakete iktus kasuen jaitsieran. Garrantzitsua da, batez ere, arrisku faktoreak dituzten pertsonen patologien jarraipena egitea. Horrekin batera, aldez aurretik iktusak izan dituzten pertsonei jarraipen medikua egitea, paziente bakoitzak behar dituen botiken kontrola eramatea eta bizitza ohitura “osasuntsuen” inguruko informazioa eskaintzea garrantzitsua da.

Identifikatzeko gakoak

Badira iktusak identifikatzeko zenbait gako; adibidez, begi bat edota ahoaren alde bat desbideratzea iktus baten seinale izan daiteke. Irribarre egiteko eskatuz gero errazagoa da identifikatzea. Ahozkotasunari ere eragin dakioke; eta hortaz, hitz egiteko zailtasunak izan, ahozkotasun traketsa izan edota ezin mintzatzea. Esaldi bat egiteko eskatuz identifikatu daiteke. Azkenik, begiak itxita besoak altxatzeko eskatu, eta besoetako bat mugitzen ez bada edo erortzen bada iktus baten seinale izan daiteke. Horrelako aldaketarik sumatuz gero larrialdietara deitu behar da.