argia.eus
INPRIMATU
“Azken buruan, ziur naiz independentzia izango dugula”
2012ko urtarrilaren 25
Iulen Madariaga, abokatua eta ETAren sortzaileetako bat.

Espainiako eta Frantziako Estatuekin egon daitezkeen negoziaketez Madariagak dio zorionekoak garela hau Europan gertatzen ari delako: "Britainia Handiaren eta Irlandaren arteko negoziaketa eredu izan zen. Britainiarrek jakinduria politikoa izan zuten 'Nahikoa da, har dezagun zezena adarretatik!' esateko. Downing Streetek, izendatu gabe, onartu egin zuen hasieratik beren etorkizunaren jabe egiteko irlandar herriak zuen autodeterminazio eskubidea (...) Hau ez da espainiar guztien egoera, denbora irabazi nahian dabiltza, euskaldunei iruzur egiteko. Britainiarrek Estatu-arazo bezala jorratu zuten gaia".

Presoez hitz egiterakoan ere, Irlandako kasua hartu du kontuan: "Irlandan, Ostiral Santutik urtebetera presoen erdia baino gehixeago kalean ziren. Espainian, une hauetan, urtebete da ETAk su-eten behin betikoa, orokorra eta egiaztagarria adierazi zuela, baina preso bakar bat ere ez dute kaleratu. Espainiako gobernu berriaren, Rajoyren edo Barne eta Justizia ministroen hitzak entzuten eta irakurtzen ditugu. Nire ustez, argi dago ez dutela arazoaren mamira iristeko gogorik".

Europari buruz gaineratu du ez duela "konpromisorik ikusten Europa behealdean (...) Krisi handiko garaia da, bat eginik dagoela eta indartsua dela erakutsi nahi dio Europak munduari. Ez dakit zein puntutaraino izango den gai Europar komunitatea gauzak egiteko".

Biktimen aferaz, berriz, zera esan du Iulen Madariagak: "Gatazkaren biktima guztiak aintzat hartzeari buruz, bi aldeei zera eska diezaiekegu: 'Prest zaude?'".