Ostiralaz geroztik eremu gorrian dago Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta positiboen hiru laurden “euskal eremuan” kokatzen direla esan du Eric Spitz prefetak. Neurri murriztaile berriak iragarri ditu, eta egoerak okerrera egitekoan zorrotzagoak hartuko dituela ohartarazi.
Spitzek herritarren bizkar bota du osasun krisiaren bilakaeraren ardura eta debeku berrien aukera larunbatean emaniko prentsaurreko telematikoan. Egun bat lehenago Pirinio Atlantikoetako Departamendua eremu gorrian sartu zuen Frantziako Gobernuak. Prentsaurrekoa Spitz prefetak eta Eskualdeko Osasun Agentziako departamenduko ordezkari Maritxu Blanzacok eman zuten. Blanzacok azaldu zuen COVID-19aren eragina Ipar Euskal Herrian handiagoa dela oro har departamenduan baino. Adibide bezala jarri zuen departamendu osoan hamar pertsona daudela ospitaleratuta, eta horietatik zazpi Baionan daudela. Spitzek gaineratu zuen lau kutsatutik hiru Ipar Euskal Herrian daudela, “bereziki euskal eremuan”.
Aurrera begira, prefetak bi mezu nagusi eman zituen. Batetik, bizitza normala egitea defendatu zuen, “maskara bat eramanik ere”. Bestetik, larritasuna helarazi zuen eta erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatu zien herritarrei. Neurriak bete ezean edo datuek okerrera egitekotan debeku berriak aginduko dituela ohartarazi zuen: “Hau azken abisua da, ezin baitugu permititu egoera sanitarioak okertzen jarraitzea”.
Prentsaurreko berean, neurri murriztaile berriak jakinarazi zituen Spitzek. Besteak beste, maskara derrigorrezkoa da igandetik Hendaian, Hiriburun eta Bokalen (aurretik Baionan, Biarritzen, Donibane Lohizunen, Ziburun, Bidarten, Ezpeletan eta Donibane Garazin zen beharrezkoa). Publikoari irekitako espazio itxietan, zinemak kasu, segurtasun distantzia areagotu da, edo kirol jardueretan neurriak zorroztu dituzte.
42 departamendu eremu gorrian
Ostiraletik, 42 dira eremu gorrian dauden Frantziako Estatuko departamenduak, arrisku handieneko egoera adierazten duena. Eremu gorrian sartzeak Poliziaren kontrola areagotzea dakar, eta prefetei eskumen handiagoak ematen dizkie. Pertsonen biltzea murriztu dezake prefetak, saltokiak itxi, edo mugikortasuna mugatu, esaterako.