Zierbena eta Muskiz dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kostako puntu beltz nagusiak. Bizkaian kostaldearen %16 dago porlanez estalita eta Gipuzkoan %13, Greenpeacek argitaratutako txosten batek dioenez.
2013ko Destrucción a toda costa txostena kaleratu du Greenpeacek, gaurko Berrian irakur daitekeenez. Hego Euskal Herriko kostaldearen egoerari buruzko zenbait datu eman ditu. Zierbena eta Muskiz jarri ditu beltzune nagusi bezala, eta Petronorren findegiak jo ditu erruduntzat neurri handi batean. Natur balio handiko eremuak euren industria jardueretarako okupatzea egotzi dio enpresari. Petronorren berak Muskizen joan den apirilean inauguratutako koke plantak ere zer esana eman du.
Azken urteetako hirigintza prozesu bizkorrak kaltea eragin duela salatu du Greenpeacek. Bizkaian %36 igo da artifizializatutako natur eremua, eta Gipuzkoan %5. Porlanez estalitako kostalde eremua %16koa da Bizkaian, eta Gipuzkoan %13koa.
Espainiako kostalde lege berriak, gaineratu dute txostenean, babes gutxiagorekin uzten du zonaldea. Lehen 100 metroraino babesten bazen eremua, orain 20 metrorainokoa da.