Lehendabiziko Kultur Sorkuntzarako Bekaren irabazlea izan da Badon* egitasmoa; Ines Osinaga da sustatzailea, eta partaide dira Ane Abarrategi eta Xanti Agirrezabala ere.
AEK-k aurreko edizioan adierazi bezala, hurrengo Korrikak izango duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren pean eskainiko dena. Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egindako prentsa agerraldian eman dute irabazlearen berri.
"Opera garaikidea" izango da Badon* egitasmoa. Ines Osinaga da obraren sustatzailea: "Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesua kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena". Formatuari dagokionez, artistaren esanetan, "hackeagarria den zerbait" izango da; dramaturgiaz gain, baliabide bisualak, zuzeneko musika eta mugimendua baliatuko dituztela adierazi du, literatura eta bertsoak ere oinarri izango dituena.
Badon* opera garaikidea Euskal Herri osoan egongo da ikusgai azarotik aurrera.