Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren aurka egiten badu, kontsultaren data atzeratu dezaketela adierazi du Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak. Azaroaren 9ko eguna ez aldatzeko eskatu diote gobernuari galdeketaren aldeko eragile eta alderdiek.
“Oztopo juridikoak ez du Kataluniaren bozkatzeko desioa gelditzen, atzeratu egiten du”. Hala adierazi du Ortegak Rac1 irratian egindako elkarrizketan. Honen arabera, kontsultarik ez da egingo legezkoa ez bada, hau da, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu eta Auzitegi Konstituzionalak baimentzen ez badu. Hurrengo azaroaren 9an egiterik ez bada, “beste azaroaren 9 bat” egongo dela adierazi du.
Erreferendumaren aldeko alderdiak kritiko agertu dira Ortegaren adierazpenekin. Marta Rovira ERCko parlamentariak “galdeketa legezkoa eta adostua” dela azaldu du, “sei indar politikok babesten baitute”. Alderdi bereko Alfred Boshen esanetan, "kataluniarrek demokratikoki adierazitako nahiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak baino gehiago pisatzen du".
CUPeko David Fernandez galdeketa "bai ala bai" egitearen alde agertu da eta ondorengoa adierazi du twiterren: "Demokrazia obeditu, inposizioa desobeditzeko. Inposizioa desobeditu, demokrazia obeditzeko".
Herritar ugarik ere azaroaren 9ko kontsulta data babestu dute sare sozialetan. Twitterren #blindem9N traola erailtzen hasi dira.
Prozesua herritarren mobilizazioaren esku
Ara es l’Hora kanpainak ere hartu du hitza kontsulta data atzeratzeko aukeraren aurrean. Galdeketa "tresna demokratiko eta gardenena” izanik Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batengatik horri uko egitea “onartezina” dela esan du.
Herritarren mobilizazioak prozesua baldintzatuko dutela uste dute kanpainako kideek. Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuan duen diputatuak ere hala azaldu du; irailaren 11ko Diadako zein azaroaren 9ko galdeketako herritarren jarrerak prozesuan eragingo duela esan du.