Ipar Euskal Herriko gazte antolakunde ezkertiar eta abertzale berria aurkeztuko dute azaroaren 2an Baionan, Jeiki Gazte! egunaren baitan. Eguneroko arazoei modu eraginkorragoan erantzun eta konponbidea lortzea izango da erakundearen xedea.
Otsailaren 2an abiatu zuten Ipar Euskal Herriko gazteek antolakundearen sorrera ondorio izango duen gogoeta prozesua, Ezpeletan ospatu zen Gazte Egunean. Zortzi hilabeteko eztabaidaren bidez, parte hartu duten 120 gazteek oinarri ideologikoak, lan ildo nagusiak eta antolakuntza eredua adostu dituzte.
Egun osoko egitaraua
Jeiki Gazte! eguneko une garrantzitsuena 19:00tan hasiko den antolakundearen sorrera ekitaldia izango bada ere, egun osoan izango da zer egin, entzun eta ikusi. Goizean, krisi ekonomikoari buruzko eztabaida antolatu dute, eta bertan izango dira mundu osoko hainbat gazte erakunderen ordezkariak: korsikarrak, bretoiak, alemaniarrak, italiarrak, palestinarrak, kurduak...
Eztabaidaren ostean, txarangek lagundutako bazkaria egingo da Baiona Ttipian. Erakundearen sorreraren ondotik aldiz, Berri Txarrak, 2zio eta DJ Pone taldeen kontzertuek emango diote amaiera egunari.