argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak
  • Arabako Foru Aldundiak adierazi du litekeena dela irailaren 21ean irekitzea epea hautagaien zerrendak aurkezteko.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2025eko irailaren 10
Aurreko hauteskundeen prestaketa 2021ean izan zen. Aiaraldea

Arabako Foru Aldundiak gaur onartu du lurraldeko Administrazio Batzarren hauteskundeen prozesua abiatzea eta bozketak azaroaren 23an izango direla iragarri du.

Halaber, aurreratu du: "Deialdia eta eredu ofizialak ALHAOn argitaratu ondoren, litekeena da hil honen amaieran 21 eguneko epea irekitzea hautagaitzak aurkezteko. Ondoren, Arabako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak aldarrikatuko ditu hautagaitzak, eta aldizkari ofizialean argitaratuko dira". 

Dena den, hori baino lehen udalek Administrazio Batzarrei bidali beharko diete erroldatuta dauden eta aukeratzeko eta hautatuak izateko eskubidea duten bizilagunen zerrenda. Zerrenda hori jendaurrean jarriko da bost egunez, kontzejuen ohiko deialdien lekuan, eta erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira Hauteskunde Batzordean, hiru eguneko epean. 

Momentuz, Foru Gobernu Kontseiluak egindako aginduarekin hautestontzien, boto-txartelen, gutun-azalen eta gainerako agiri ofizialen ereduak finkatu dituzte, eta foru erakundeak Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari emango dizkio, kontzeju bakoitzeko hauteskunde-mahaiei bana diezazkien.