Axolarazi beharreko gorputzak

  • Performatibitate-teoriaren helburua zen gorputz batzuk aiseago bizitzea, hain zuzen, genero-arau dikotomikoa betetzen ez zutenak.


2015eko abenduaren 22an - 08:19
Judith Butler filosofoa Bartzelonako Centre de Cultura Contemporànian emandako hitzaldian. Argazkia: CCCB.

90eko hamarkadaren hasieran argitaratu zituen Judith Butlerrek genero-performatibitateari buruzko bere lan sonatuenak, eta hastapenetako ekarpen horietaz jardun zuen, besteak beste, pasa den azaroaren 5ean, Bartzelonako CCCB zentroan, +HUMANS erakusketaren kari. Horrez gain, azken 25 urteotan kezkagai izandakoak ere izan zituen hizpide: teoriaren garrantzia, praktika politikorako oinarri gisa; gorputz prekarioak; gorputzen interdependentzia eta zaurgarritasuna; gorputzek kaleak hartzearen ondorioak...

Teoria, zertarako?

Gaur egungo gizarte-antolamendu eta eredu ekonomikoak dakartzan erronka globalen aurrean, presaka jarduten da sarri, eta bigarren mailakotzat jo ohi da teoria-lana, hartu beharreko erabakien eta ezarri beharreko politiken martxa moteltzen duelakoan. Ezin dira, ordea, biak kontrajarri, ekintza politiko ororen oinarrian marko teoriko jakin bat baitago. Alegia, emakumeei buruzko legeak onartzen dira, edo etorkinei buruzkoak, eta kontzeptu horiek modu jakin batean ulertzen dira, marko teoriko eta ideologiko jakin baten arabera, sarritan ikusezina den arren.

Teoriaren helburua, egitekoa eta abantaila izan daiteke, orduan, oinarri ikusezin horiek zalantzan jartzeko aukera ematen digula, emantzat jotzen ditugun kategoriak, hala nola gorputza, emakumea, transexuala, etorkina; bizitzeko bestelako moduak irudikatze aldera; nahiz eta jakin badakigun pentsamendua, huts-hutsean, ez dela nahikoa bestelako bizimoduak eraikitzeko. Teoria kontsumo-balore bat bezala elkartrukatzen den garaiotan (zer zara, foucaltiarra ala lacaniarra?), politika egiteko, eragiteko eta erresistentzia jorratzeko balio duen filosofia baten alde agertu zen Butler.

Generoa prekarietatearen erdigunean

Sarritan galdetu izan diote filosofoari ea prekarietateaz pentsatzen hasi orduko ahaztu egin ote dituen bere hasierako lanetan generoaz aipatutakoak. Filosofoaren arabera, bi ildoen artean ez da kontraesanik. Hasteko eta behin, prekarietatea erlazioan da beti, guztiok gara potentzialki prekarioak, eta prekarioa izateak, aldi berean, ez gaitu sekula osoki definituko, pertsona gisa. Prekariotasuna da "politikoki eraikitako egoera hori zeinean jende-mota jakin batzuk aiseago pairatzen baitituzte babes-sare ekonomiko eta sozial eskasen ondorioak, eta, diferentziaren bidez, zaurgarriagoak bihurtzen baitira, aiseago biolentatzeko edo akabatzeko modukoak". Sexuak, jatorriak eta klaseak eragina dute prekariotasunaren banaketa desorekatuan.

Genero-teoriak ondu zituenean hitz hori bera ez aipatzeagatik, antzeko ideien bueltan zebilen. Azken batean, genero-performatibitatearen nozioak bazuen asmo politiko argi bat, hain zuzen, genero-arau bitar nagusietatik urruntzen ziren jendeen bizitzak arnasgarriago egitea. Genero-performatibitatearen helburua zen aniztasun bat islatzea, ezen ez, inondik ere, esatea zer praktika zeuden ondo eta zer praktika gaizki. Arauaren zurruntasuna laxotzea zen asmoetako bat, hala araua betetzen ez zutenen onerako nola araua zorrotzegi betetzen zutenen mesedetan, horiek ere prezio garestia ordaintzen baitute araua gorpuzteko ahaleginean.

Bestalde, genero-arauak hertsiki lotuta daude prekariotasunarekin, genero-ulergaitzat jotzen diren pertsonek arrisku handiagoa baitute indarkeria, patologizazioa eta jazarpena jasateko (pertsona transexualen aurkako indarkeria-kasuen kopurua adibide). Publikoki nola eta nor agertzearen muin-muinean daude genero-arauak, nola dauden beste hainbat aferaren erdigunean: zer alde dagoen espazio publiko eta pribatuaren artean, noren osasun-eskubideak aitortzen dituen zuzenbideak, zer ahaidetasun-harreman jotzen diren legezkotzat...

Gorputzak, beti erlazioan

Generoa eraikia delako ideia Butlerri zor diogula-eta, pentsalariari sarritan leporatu izan diote gorputzaren materialtasuna aintzat ez hartzea, alegia, kontuan ez hartzea izan badirela, fisikoki, gorputzak. Salaketari aurre egin zion berak: gorputz sexuatua ezinbestean dago zamatuta bere une historiko eta sozialeko esanahiekin, testuinguruan eta erlazioan baino ezin daiteke ulertu. Adibide baterako, mende luzez, emakumeak ez ziren kategoria bereizitzat hartzen, aitzitik, gizon elbarriak baino ez ziren. Butlerrek gorputzaren materialtasuna aintzat hartzen ez duela baino, zehatzago litzateke esatea uko egiten diola gorputz sexuatua soilik erreprodukzio-gaitasunen arabera ulertzen eta bereizten duen marko teoriko hegemonikoari. Izugarri mugatua baita hori: zenbait gorputz ez dira erreproduzitzeko gai gazteegi edo zaharregi direnean, batzuk ez dira sekula erreproduzitzeko gai, eta beste hainbatek bizialdi osoa egiten dute erreproduzitu gabe, gai izanda ere.

Gorputza ulertzen eta pentsatzen jarraitzeko bestelako gako interesgarriak plazaratu zituen Butlerrek. Heltzen zaion ikuspuntutik heltzen zaiola, ipintzen dizkiogun izenak ipinita ere, ez dugu sekula lortzen gorputza osorik harrapatzea. Hahor zergatik den gure umiltasun kontzeptualaren erakusgarri. Butlerren iritziz, filosofiak ez du asmatu bizi den gorputz bat pentsatzen, gauza konkretu gisa irudikatu izan du beti, indibiduala, autonomoa; positiboki pentsatu du, ahaztuz gorputz batek bizirik jarraitzea ez dagoela soilik gorputz horren esku, beste gorputz batzuekiko erlazioan dagoela etengabe, ezinbestean, eta, era berean, hamaika baldintza materialen beharra duela irauteko. Adibidez, gorputz bat ez da biziko berotasun eta janari nahikorik lortzen ez badu, sekulako bizi-grina izanik ere.

Noski, kontua ez da pendulua beste muturreraino eramanda gorputzak masa sozial homogeneo gisa irudikatzea. Eta gorputzen, pertsonen bestelako beharrak ere hartu behar dira aintzat, behar materialez gain, hor daude behar afektiboak. Gorputza ulertuz gero beste gorputzekiko interdependentzian, gorputz hauxe ezin da existitu, inolaz ere, beste gorputzen faltan. Errotik aldatzen dira gauzak: "ni"-ak derrigor behar du "zu"-a edo "gu"-a bizitzeko, eta horrek batu egiten gaitu, sozialki, hainbat lotura azpimarragarriren bidez. Pertsona bakar bati eragiten dioten gatazkak gizarte-gatazka bilakatzen dira.

Hausnarketa horien argitan, akaso, hobeto egin diezaiekegu aurre Butlerrek berak aipatutako erronka eta erantzukizun globalei, gero eta jende gehiagoren bizitza-baldintzen okerragotzeari, gero eta jende gehiagoren prekarizazioari, oinarrizko eskubide politikoak gauzatu bitartean zuzenean edo zeharka Mediterraneoan, Ankaran edo Gazan hiltzen dituztenen errealitateari.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Generoa
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Euskarazko Wikipedia genero desoreka gainditzeko lanean

Historikoki egin diren entziklopedia gehienetan gizonezkoek leku handiagoa izan dute emakumezkoek baino. Wikipedian ehunekoa handiagoa bada ere, desoreka nabaria da. Gauza bera gertatzen da euskarazko Wikipedian ere. Hala ere, egoera horri buelta eman nahian ari dira wikilariak.


Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


Epailearen aurrera eraman dute bikotekide ohia giltzaperatu eta eraso egiteagatik atxilotutako gizona

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz, eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak urruntze agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko. Astelehen goizean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta... [+]


2024-03-15 | ARGIA
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote

2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen... [+]


Eguneraketa berriak daude