argia.eus
INPRIMATU
Auzolana pilotaleku autogestionatua eraitsi nahi du Gasteizko Udalak Antzokia egiteko
  • Gasteizko Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian eta ondoan dagoen Auzolana pilotalekuan kokatuko litzateke hainbat komunikabidek argitaratu dutenez. 2008. urteaz geroztik auzokideek gestionatzen duten arren, pilotalekuaren eraistea aurreikusten du proiektuak. Pilotalekuko Txapa Ahotsa asanbladak aurreratu du bertan jarraitzeko asmoa dutela.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 27a

Alde Zaharreko Eskoriatza-Eskibel jauregia eta ondoko eremua aukeratu du Udalak Gasteizko Antzokia eraikitzeko. Jauregia berritu, ondoan dagoen pilotalekua eraitsi eta eraikuntza berri bat egitea da Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) asmoa.

Pilotalekua ordezkatuko duen eraikinak lau solairu izango lituzke eta aurreikuspenen arabera ikuskizun aretoa legoke lehenengo bi solairutan. Azkenekoetan beste pilotaleku bat egiteko asmoa du Udalak.

Auzolana pilotalekutik kritika

Auzolana pilotalekua duela zortzi urte okupatu zuten Gasteizko hainbat eragilek. Hutsik eta abandonatuta zegoen. Geroztik lanean dihardute eta hamarnaka ekintza antolatu dituzte: pilota jolasak, batzarrak, herri-bazkariak, txapelketak, zinema eta dantza saioak…

Txapa Ahotsa Asanbladak kudeatzen du eta Udalak hartutako erabakiarekin ados ez daudela azaldu dute. Ez dute ulertzen “jada martxan dagoen proiektu baten tokian beste bat egitea”.

Zuzenean eragiten dien erabaki honen berri komunikabideen bitartez izan dutela salatu du asanbladak eta gaineratu pilotalekuan jarraituko dutela. “Irailetik aurrera inplikatutako pertsona eta talde guztiekin” jarriko dira harremanetan.

 

Euskararen Etxea, Antzokira

Oihaneder Euskararen Etxea Antzokira lekualdatzea aurreikusten du proiektuak. Lazarraga Kultur Elkartea pozik azaldu da Udalaren proiektuarekin eta “kokapena proposamen sendotzat” hartu du. Hala ere, Udalak zonaldean “martxan dauden jardueren jarraipena” bermatzeko ardura hartu beharko lukeela azaldu dute, baita “proiektua bere osotasunean garatuko delako konpromisoa” ere. Eraikuntza lanetan hasi baino lehen Antzokiak “etorkizunean izango duen kudeaketa adostea” beharrezkoa dela gaineratu dute.