argia.eus
INPRIMATU
“Auzolan erraldoia” deitu dute larunbatean Donostiako Kortxoenea gaztetxean
  • Larunbatean Donostiako Kortxoenea gaztetxean "metamorfosia" egin nahi dute. Horretarako "auzolan erraldoia" antolatu dute hiriko kolektibo, eragile eta norbanakoen elkarlana bilatuz.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 05
Auzolan erraldoia antolatu dute larunbaterako Donostian.

Bi helburu jarri dizkiote auzolan egunari, beren webgunean zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez. Batetik, gaztetxeak behar dituen lanak burutu nahi dituzte; eta bestetik, Donostiako kolektibo, eragile eta norbanakoen elkarlana gauzatu nahi dute.

Gaztetxeko kideek azaldu dute hiriko eragileekin bilerak egin dituztela larunbateko planteamentua azalduz. Horien artean dira Bilgune Feminista, Donostiako Piratak, Ernai, Donostiako beste gaztetxeak (Letaman, Txantxarreka eta Loiolakoa) eta hainbat auzotako gazte asanbladak. Gaztetxeko hainbat kolektibok ere parte hartuko dutela azaldu dute, besteak beste, gazte asanbladak, AHT geldituk eta Urban 13 kolektiboak.

"Kortxoeneak ateak irekita dauzka gerturatu nahi duen ororentzat, eta egun hau probestu nahi dugu, Kortxoenea bere eginez, jende ezberdina bertaratu dadin", diote.

Prestatu duten egitaraua:

9:00: Lanari ekin!

11:00: Hamaiketako azkarra txistorra eta sagardoarekin

14:00: Bazkaria (doan)

15:00: Kafea hartu eta berriz lanera!

18:00: Merienda.

21:00: Kontzertu akustikoa eta ogitartekoak langileentzat!