argia.eus
INPRIMATU
Zerbitzu publikoak eskatu dituzte Donostian Martuteneko eta Txomiñeneko auzokideek
  • Donostiako periferian dauden Martutene eta Txomiñene auzoentzat zerbitzu publiko duinak eskatzeko 320 lagun atera dira manifestazioan, ARGIAk zenbatu duenez. "[Eneko] Goia, [Marisol] Garmendia, gezur gehiago ez!" edo "Goia entzun, auzoak borrokan dituzu" gisako leloak bota dituzte ibilbidean zehar. Salatu dute, besteren artean, 10.000 biztanlerentzat lau mediku eta pediatra bat dituztela "anbulategi prekario batean". Argazki galeria albistearen amaieran.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko maiatzaren 26a
300 lagunetik gora batu dira bi egun lehenago deitutako manifestazioan. Lander Arbelaitz - ARGIA

Martutene Bizirik elkarteak eta Lanberri Txomiñeneko auzo elkarteak asteartean deituta, ostegun arratsaldean manifestazioa egin dute bi auzo horiek batuz Donostian. Urteetan abandonatuta dagoen Martuteneko biribilgunetik abiatu dute protesta; ibilbidean zehar 300 bat lagun joan dira eta amaierako hitzartzea aditzen 350 izan dira.

Antolatzaileek salatu dute, batetik, Martuteneko ikastolaren aurka auto batek istripua izan zuela duela urte eta erdi. Auto batek jolastokiaren hormaren aurka jo zuen, eta txiripaz ez zen ezer gertatu, bertan jolastu ohi diren haurrak bazkaltzen ari zirelako ordu horretan. Ordutik udalak pareta konpondu bakarrik egin duela salatu dute, eta ez dituela auzo elkarteak proposatutako neurrietako bat bera ere hartu (abiadura mugatzea, babes gehiago jartzea espaloian...).

Txomiñeneko Arteleku plazara joan dira eta han salatu dute bi auzo horiek zerbitzu publiko falta handia dutela. Datu bat eman dute: Loiola, Txomiñene eta Martutene auzoek partekatzen duten anbulategian lau mediku eta pediatra bakarra daude 10.000 lagunentzat. Azpiegitura duinak eskatu dituzte: kultur etxeak, kirol instalazioak eta anbulategiak.