argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzari arrazoia eman eta etorkin irregularrek familia medikua izan dezaketela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek atzo adierazi zuenez, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Espainiako Estatuko Abokatutzak jarritako errekurtsoa. Ondorioz, orain arte egin duten moduan, egoera irregularrean dauden etorkinak osasun zerbitzuetan artatzen jarraituko dute.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 21
EAEn etorkinek edozein egoeratan egonda ere familia medikua izateko eskubidea dute. Argazkia: Dani Blanco.

Euskal Autonomia Erkidegoan, etorkinei urtebetez jarraian erroldatuta egotea eskatzen zaie eta Gutxieneko Diru-Sarrera ermatzeko Errenta baino sarrera gutxiago izatea, baldin eta familia medikua eta Osakidetzako txartela izan nahi badituzte. Baldintza horiek betetzen ez badituzte ere, EAEn etorkinek familia medikua dute. Horrek eragin zuen Espainiako Estatuko Abokatutzaren errekurtsoa, errege dekretu baten kontra egiten baitzuen.

Osasun Sailak adierazi duenez, Auzitegi Nagusiak 180 graduko bira egitera behartu du Espainiako Gobernua, batik bat kontuan izanda Europako Kontseiluak legez kanpokotzat jo duela arretarik gabe uztea baliabide ekonomikorik ez dutenak eta dokumentazioa eguneratuta ez daukatenak.

Darpon sailburuak gogorarazi du eskuduntza-gatazkari lotutako bi gai daudela Konstituzio Auzitegian, bata etorkinen ingurukoa eta bestea berrordainketa farmazeutikoari buruzkoa.