argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Gorenak erabakiko du Barcina inputatu ala ez
  • Nafarroako Auzitegiko epaile Maria Paz Benitok Espainiako Auzitegi Gorenaren esku utzi du CANeko dieten auzia. Hark erabakiko du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak inputatu gisa deklaratu behar duen ala ez.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 20a
Kontuz plataformak deitutako manifestazioa iragartzeko afixa.

Barcinaren kontrako salaketan lan garrantzitsua jokatu duen Kontuz! plataformak erabakia gaitzetsi du. Euskalerria Irratian hitz egin du goizean talde horretako bozeramaile Patxi Urrutiak. CAN auzia Nafarroan epaitu behar dela adierazi du: "Madrilen ez du garrantzirik; hemen, alimalekoa".

Urrutiak gaineratu du Nafarroako kutxaren auziaren ikerketak izan duen diligentzia ez duela izango Madrilen.

Edonola, "CAN auzian gertatu dena dagoeneko ederki daki Nafarroako gizarteak" Urrutiaren ustez. "Judizialki edozer gertatuta ere, sozialki irabazten ari gara, hemengo zerrikeria guztiak agerian uzten ari gara".

Dokumentala eta manifestazioa

Gaur CAN: Kutxa Hutsa dokumentala izango da ikusgai Iruñeko Golem zinema aretoan. Bost emanaldi izango dira: 12:00etan, 17:00etan (euskaraz), 18:30ean, 20:00etan eta 21:0etan.

Bestalde, Kontuz! plataformak deituta manifestazioa egingo da larunbatean Iruñean, Ustelkeriarik ez. Barcina dimisioa lelopean. Barcina Nafarroan epaitua izan dadin eskatuko du plataformak.