argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Gorenak 3. gradua kendu die bederatzi politikari independentista presoei
  • Auzitegi Gorenak, eta zehazki Kataluniako prozesu independentistako buruzagiak jujatu zituen salak berak, kendu egin die espetxeko 3. gradua bederatzi kondenatuei. Generalitateko Justizia sailak ebatzi baitzuen presook hirugarren graduan kalifikatu eta espetxetik lanerako irten ahal izatea, orain Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du erabaki hori, presoei goizegi eskainitako aukera delakoan

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 04a

Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Generalitateak 'Procés' delakoagatik kartzelara kondenatutako bederatzi politikariei emandako hirugarren gradua. Ondorioz, ez dute aukerarik izango espetxe legearen 100.2 artikuluaren babesean ez lanera joateko eta ezta boluntariotzan aritzeko ere.

Gorenak, beraz, bere egin ditu fiskaltzak buruzagi independentisten gradu aldaketari aurkeztu helegiteak eta argudiatu du denbora gehiago pasatu behar duela presoen eboluzioa eta horri dagokion tratamendua ebaluatu ahal izateko, "are gehiago kondenak handiak direnean –9 urtetik 13 urtera bitarteko espetxe-zigorrak – eta kondenatuotako bakar batek ere erdia bete ez dutenean, gehienek laurdena ere ez".

Kataluniako prozesuaren lider presook espetxeko bigarren graduan jarraitu beharko dute, Gorenaren ebazpenak 100.2 artikuluaren aplikazioa ere ukatuta. Jada joan den uztailean Gorenak argudio horiek berak erabili zituen Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari kalera irten ahal izatea eragozteko. Presoen egoeratik harago joanda, Auzitegi Goreneko epaileek kritikatu dute Generalitatearen Justizia departamendua eta ohartarazi dio presoei ezarritako gradu aldaketekin ezin duela "justizia auzitegi batek ebatzitako erantzun penala hustu" espetxeratu batzuei pribilegiozko tratamendua emanaz.

Manuel Marchenak zuzendutako epaimahaiak behin baino gehiagotan azpimarratu duen ideia jaso du autoetan: buruzagi independentistak sedizioagatik zigortu zituzten eta ez "Kataluniako independentzia nahi izateagatik edo ideologia independentista izateagatik". Gorenaren arabera, "inor ez dago kartzelan bere ideia politikoengatik", eta erantsi duenez, "asmoa ez da presoek beren iritzi politikoei muzin egitea".