Komisaldegian paper batzuk eman dizkidate. Izerdi tanta bakarra dakit bekokian behera bularreraino, piztu aire girotua, mesedez. Parrandan ondoegi pasatzearen asuntoak, hurrengo goizean galdutakoak salatu beharra. Inozo aurpegidun munipa batek hurrengo asterako zita eman ahal didala esan dit. Autosalaketa bat beteko dut bestela, papera nire letraz bete.
Uda honetan ezer ez eta gauza gehiegi pasa diren sentsazioa dut. Auzoko jaiak, eginda. Udalekuetan ondo pasa, eginda. Gurasoekin egon, eginda. Frantzian ezer ez egiten egon, eginda. Jaietan turnoak bete, eginda. Kartera eta mobila galdu, eginda. Eginda, eginda eta eginda. Abuztuko azken egun luzeak besterik ez zaizkit geratzen patrikan.
Mundua bukatu al da ni begira ez nengoen bitartean? Egun batzuk gutxiago gelditzen zaizkio, ziur. Denak bere horretan jarraitzen du, polizia gazteak jipoitzen kalean akanpatzeagatik eta genozidio bat hemendik ez hain urrun. Oh wow ze enpatikoa naizen eta zenbat kezkatzen naizen munduan gertatzen denaz, oporretan egon arren akordatzen naiz gainontzeko munduaz, benetan miresgarria. Kaka zaharra.
Uretan gora begira etzatea gustuko dut, urak nire gorputza leunki bultzatzea. Errealitatea ere gora begira etzan da uda honetan, nork bultzatuta? Ingurura ez begiratzeak ez du desagerrarazten, neure buruari diostat. Nian gehiegi pentsatzea txarra delakoan nago, ez naiz hain garrantzitsua. Ni, nire, nirekin, neure. Besteei entzun eta kanpora atera, ukitu belar pixka bat. Burua igerilekuaren hondoraino eramateak ez du barruko buila isilduko, kanpokoa entzuteak besterik ez du isiltzen barrukoa, selfcare gutxiago.
Nahiko nuke lagun arteko irakurketa partekatu eta gaueko sekretutxoez idatzi. Nahiko nuke Gasteizko jaietako parranden inguruan idatzi. Nahiko nuke Frantzia hegoaldeko paisaiez ari den deskribapen luze bat. Nahiko nuke idatzi udalekuetan zer gustura egon naizen azaltzen duen zutabe bat. Ez nintzen zintzoa izango, badago salatzekorik.
Udako beroak burua beste nonbait uzten dit, egunerokoari berriz heldu behar eginbeharrekoak eta egiten ari direnak argiago edukitzeko. Nondik, non eta nora. Uda espejismo bat da, lehengo urtean banekien eta hurrengoan ere jakingo dut, neguan beste argitasun batekin ikusten dira gauzak.
Burua berriro makurtu eta Relato de los hechos laukitxoan idatzi berri dudala konturatu naiz. Munipari beste paper bat eskatu beharko diot eta ez dio inolako graziarik egingo. Niri bost.