2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote aurreikuspenek eta beraz, zigorrak hiru urtez atzeratuko dituela.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak hiru urteko atzerapena planteatu du CO2 isurien "estandarrak" betetzen ez dituzten ekoizleei ezarritako zigorrak indarrean jartzeko. 2021etik hona isuriak % 15ean murrizten ez zituzten ekoizleentzat ezarri ziren isunak.
2027ra begira helburuak "berberak" direla eta horiek "bete behar" dituztela adierazi du Von Der Leyenek, eta adostutako helburuak "aldatu ez izanak" industriari "atseden handiagoa" ematen diola (araudiaren arabera, 2030erako isuriak %55 murriztu behar ditu autogintza industriak, eta 2035erako %100). Zigorrak aurten aplikatuko balira 16.000 milioi euro ordaindu beharko lituzketela kalkulatu dute automobilgintza enpresek; elDiariok argitaratu duenez.
Ibilgailu autonomoen gaia izan da ekintza planean eztabaidatu duten beste gakoetako bat. Von Der Leyenek mundu mailan dagoen lehia izan du hizpide: nazioartean Europak indarra izateko "handikiro" jokatu behar duela eta "handia" izan behar duela adierazi du. Horretarako "aliantza industrial" bat iragarri du, gidatze autonomoko softwarea, txipak eta teknologia garatuko dituzten enpresek baliabideak "bateratu" ahal ditzaten.
Europan ekoiztutako ibilgailu elektrikoen erosketa bultzatzea da aurrera begira batzordeak jarri duen helburuetako bat. Azken hilabeteetan izan duen "atzerapausoari aurre egiteko", Europar Batasuna automobilen industria "salba" dezakeen "laguntza paneuropearraren bila dabil", azaldu du Von der Leyenek, eta Txinako automobilei ezarritako muga-zergak lirateke horren "adibide garbia".