Zenbaki bikoitidun matrikulak dauzkaten autoek debekaturik dute astelehenean Parisko metropoli-eremuan zirkulatzea. Kutsadura atmosferikoa gutxitze aldera hartu du erabakia Frantziako Gobernuak.
Hiriburuan eta inguruko beste 22 hiritan aplikatuko dute neurria. Baldintza metereologikoak bere horretan mantentzen badira, asteartean ere aplikatuko da, kasu honetan zenbaki bakoitidun matrikulentzat.
Neurriak ez die eragingo, besteren artean, auto elektriko eta hibridoei, gutxienez hiru bidaiari daramatzatenei, larrialdi zerbitzuei, taxiei, garraio publikoari eta atzerrian matrikulatutako ibilgailuei.
Bigarrenez hartu du horrelako erabakia Gobernuak. Gaur arte 1997ko urriaren 1ean besterik ez zen aplikatu gidari askoren haserrea piztu duen neurria. Datu ofizialen arabera, trafikoak %20 egin zuen behera egun hartan, eta nitrogeno dioxido emisioak %15 gutxitu ziren.
Frantziako Ekologia ministro Philippe Martinen hitzetan, sei egunez jarraian gainditu egin da mikro-partikulek eragindako kutsaduraren alerta maila.
UMP alderdiak salatu duenez, erabakia berandu hartu du Gobernuak. ACA autoaren klubak ere gogor kritikatu du neurria. Salatu du autoak "errudun bakartzat" jotzen direla, euren esanetan partikulen %18 besterik emititzen ez duten arren.
Egoerari aurre egiteko hainbat alternatiba proposatu du elkarte horrek, esaterako: ibilgailu zaharren ordezkapena laguntzea, trafikoa denbora errealean kudeatzeko sistemak garatzea (aparkatzeko guneak, trafiko seinaleak eta abiadura muga aldakorrak jarriz besteak beste), energiaren konsumo eraginkorra lortzeko programa pedagogikoak babestea, eta hiri-logistika hobetzea (kamioientzako ibilbideak jarriz, besteak beste).