Bihar, apirilak 5, manifestazio nazionala antolatu du abortatzeko eskubidearen aldeko plataformak Iruñean. Espainiako Gobernuak onartutako aurreproiektuak aurrera egingo balu 1985eko legeak baino atzerago egingo luke. Bihar emakumearen gorputzaz erabakitzeko eskubidea norberak baino ez duela aldarri egingo dute milaka lagunek.
Ezin jakin zenbat jende bilduko den Iruñeko Golem zine aretoen aurrean, manifestazioaren abiaburuan. Alabaina, plataformak sortutako webgunean autobusak zenbat tokitan antolatu dituzten jakiterik bada. Markina-Xemein, Algorta, Tolosa, Ermua, Ezkerraldea, Arratia, Basauri, Bilbo, Ondarroa, Uribe Kosta, Durango, Gasteiz eta Donostiatik behintzat autobusetan bidaiatuko dute.
Abenduaren 20an Espainiako Ministroen Kontseiluak aurreproiektua onartu zuenetik talde feministek eta emakume taldeek mila eta bat ekintza egin dituzte, batzuk betiko modukoak eta besteak umoretsuak eta originalak. Gasteiztarrek Andre Maria Zuriari lore eskaintza berezia egin zioten adibidez, perrexil sortak eskuan joan ziren Arabako Emakumeen Asanbladakoak. Eskean ere ibili ziren, belaunikatu eta dirua bildu zuten Londresera abortatzera joateko. Donostian Munilla gotzainari emakumeek abortatzeko eskubidea dutela gogorarazi zieten “Bizitzaren aldeko eguna ospatu” zuten egunean. Hego Euskal Herriko hainbat hiriburutan Jabetza Erregistroan euren gorputzak erregistratu zituzten. Oso deigarria izan zen bestalde, lau feministek PPren kongresuan Donostiako kurssalen egindako ekintza: eskuak eta aurpegia gorriz margotu eta “Gure gorputza, gure erabakia” aldarrikatu zuten.
Abenduaren 20ko albistea eskutan, feministak saretzen hasi ziren zetorrenari erantzuna emateko. Abortatzeko eskubidearen aldeko plataforma nazionala Hego Euskal Herrian dago hedatuta eta lau adar ditu herrialde bakoitzean. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak atxikimendua adierazi dio plataformari. Plataforma nazionalean ez bezala, herrialdeetako plataformetan talde feministez gain norbanakoek hartzen dute parte. Plataformako kideek adierazi digutenez, deigarria izan da zenbat norbanako gerturatu den borroka honetan parte hartzera.