Aurtengo zientzia dibulgazioko lanik onenak

  • Gorka Azkune Galparsoro, Josu Doncel Vicente eta Mikel Etxeberria Okariz ikertzaileak, eta Xabier Monasterio Torre kazetaria dira aurtengo sarituak. Armintxe Animazio Taldeak jaso du proiektua garatzeko beka eta M. Jesus Esteban Galarza matematikariaren ibilbidea nabarmendu zuen Merezimendu Sariak.


2017ko maiatzaren 15an - 13:02

Guztira 60 lan aztertu dituzte aurtengoan epaimahai-kideek; parte-hartzaileen erdiak emakumezkoak izan dira, eta, beste erdiak, gizonezkoak. Maiatzaren 12an egin zen sari-banaketa Donostiako Tabakaleran, areto bete jenderen aurreko ekitaldi zaindu eta gertukoan. Hona hemen saritutako lanak, banan bana:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria: Gorka Azkune Galparsoro

Adimen artifizialari buruzko Intuizioaren bide ilunak argitzen artikuluak irabazi du. Azkunek (Azpeitia,1982) iaz aurkeztu zuen adimen artifizialari buruzko tesia, eta, gaur egun, DeustoTech Institutuan ari da ikertzaile, arlo berean esparruko ikerketetan sakontzen.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria: Josu Doncel Vicente

Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak lana izan da epaimahai-kideek hautatua. Doncel (Getxo, 1985) Matematikan doktore da, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago. Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, EHUko Matematika Aplikatua eta Estatistika Saileko irakaslea da gaur egun. Saria jasotzean oso pozik agertu zen, zer egiten duen galdetzen diotenean modu ulergarrian erantzun ezinik geratzen denez, "zientziaren eta gizartearen arteko zubiak eraikitzea beharrezkoa dela" sinetsita dagoelako.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria: Xabier Monasterio Torre

Bilbo Hiria irratiko esataria izan da saritua, Minbizia eta beronen metastasia izeneko piezarengatik. Monasterio (Bilbo, 1959) idazlea eta

itzultzailea da. Saria jasotzean umorez azaldu zuen "uste dut epaimahai-kideak erabat okertu direla, ez bainaiz ez kazetaria eta ez zientzialaria". Bilbo Hiria irratiak galdu dituen bi kideak izan zituen gogoan saria hartzean, baita saio horren edukiak bermatu zituen Iker Badiola zientzialaria eta saioari kazetari ikuspegia gehitzen dion Jabi Zabala ere. Saio hura entzutea gomendatu zuen, alarmakerietan erori gabe zehaztasun eta errespeto handiz landu baitzuen Badiolak gaia.

NEIKER-Tecnalia saria: Mikel Etxeberria Okariz

Aurten, sari berri bat jarri dute martxan lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat. Udara bat ardiekin, senari jarraika artikuluak bereganatu du. Etxeberria (Beasain, 1994) biologoa da, eta, gaur egun, Madrilen ari da Ekologiako Masterra ikasten. Dibulgazioan ere aritzen da, EuskalNatura

blogean idazten du 2016az geroztik.

CAF-Elhuyar Beka: Armintxe

Animazio Taldea Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osatzen dute, eta animazio-lanak egiten dituzte. Horren erakusgarri da “Beti bezperako koplak” film laburra (Kimuak). Saria jasotzerakoan adierazi zuten arteko esperimentazioak lotura handia duela zientziarekin eta bi alorretan intuizioa indar hartuz doala. "Armintxe 2017" proiektua izan da saritua, eta kobazuloetan antzinako gizakiek egiten zituzten grabatuekin animaziozko film labur bat egitea da asmoa.

Merezimendu Saria: Maria Jesus Esteban Galarza

Matematikari egin dion ekarpena eta unibertsitatean euskara erabiltzen aitzindari izana nabarmendu zituen, batez ere, sariak. Izan ere, berea izan zen matematikari buruz euskaraz egin zen lehen tesina. Saria jasotzean gogoan izan zituen unibertsitatean euskarazko hiztegia eta edukiak sortzen aritu zireneko urte haiek ":  "EHUko sei emakumek ekin genion matematikako euskarazko hiztegia lantzeari, Elhuyarrekin elkarlanean". Talde lana izan zela eta talde haren sari gisa hartzen zuela nabarmendu zuen.

Esteban Galarza Alonsotegin (Bizkaia, 1956) jaioa da, baina urteak daramatza Parisen. EHUn lizentziatu zen Matematikan, eta aitzindari izan zen euskara erabiltzen arlo horretan. Segidan, Parisera joan zen, eta han egin zuen doktore-tesia. 1981etik, Frantziako Ikerketa Zentroko ikertzaile da, eta Europako Matematika Elkarteko Matematika Aplikatuaren Batzordeko buru izan da. Izendapen ugari jaso ditu; berriki, ICIAM Matematika Industrial eta Aplikaturako Nazioarteko Kontseiluko lehendakari izendatu dute.

Txalaparta digitala eta interaktiboa

Iazko Elhuyar beka jaso zuen Enrike Hurtado Mendietak bekari esker garatutako proiektua aurkeztu zuen: "garatutako programak aukera ematen digu txalaparta edozein ordenagailurekin inprobisatzeko". Bideoan, frogaren zati bat:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


Eguneraketa berriak daude