argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo baraualdirako jada hamalau lagunek eman dute izena
Kote Camacho 2025eko uztailaren 22a

Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.

Aurten, jada hamalau lagunek eman dute izena. Nondik datoz? Aia, Idiazabal, Derio, Antzuola, Ondarroa, Donostia eta Bilbo dira lagun horien jatorriak, eta handik etorri dira uztailaren 21ean Elosura (Bergara). Egon dira aukerak, beraz, 21ean Elosura joateko, baita handik itzultzeko ere 27an nor bere herrira, berrituta.

Izena eman duten gehienek badute eskarmentua baraua egiten, baina ez denek. Erdiak baino gehiagok astebeteko barau osoa egin izan du. Badira egunbeteko baraua bakarrik egin dutenak, eta inoiz egin ez dutenak ere bai.

Aipamenik ere ez dute behar pilota partiduek, aisialdiko jarduera izarra Elosuko baraualdietan. Horrekin bat baino gehiago harritu izan da hasieran, zelako pilota partiduak eta barrene luzeak jokatu daitezkeen, astebetez ezer jan gabe ere.

Hori bai: izena emandako guztiek argi dute baraualdi autoeratuan garrantzitsuena pertsona bakoitza bere osasunaz jabetzea dela eta haren ardura osoa hartzea, zentzu guztietan.

Horretaz gain, hiru zutabe nagusi daude:
Baraua janariari, edo sasi-baraua deitzen dioguna ere onartuta.
Baraua teknologiari.
Baraua erdarari.

Bestetik, badirudi sasi-barauak berriro hartu duela indarra aurten, hau da, fruta / salda / barazki aukera irekiak. Orain arte izena eman dutenen asmoen arabera, badirudi erdiek egingo dutela barau osoa, hau da, ezer jan gabe, ura bakarrik edanez, ur hutsa besterik gabe.

Bertan barau egin bitartean garatzeko proposamenak ere aurreratu dituzte batzuek: ukeleleak eramatea eta jotzen ikastea, irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura joatea eta kanten liburuxka eramatea.

Jende askok egiten du baraua gorputza garbitzeko eta burua argitzeko, batzuek etxean, beste batzuek era kolektiboan. Azken horiek beti erdaraz egiten ziren, Independentea.eus-etik eta Gune Irekien Lagunekin elkarlanean, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte, lehenengoa duela jada bi urte, eta bigarrena iaz.

Aurten, 2025 honetan, hirugarren baraualdia egiten hasi gara. Uztailaren hirugarren astean egiten da beti, hori ere jada ohitura bihurtu da. Nahi baduzu izena eman dezakezu, eta interesatzen zaionari baraualdiaren berri eman ere.

Izen ematea, eta informazio gehiago hemen: https://independentea.eus/baraualdia/

Kote Camacho