Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.
Seaskakoez gain, hezkuntza publikoko eta pribatuko hainbat irakaslek errepikatuko dute ekimena: berez frantsesez egin beharreko ahozko azterketa euskaraz egiteko aukera bideratuko diete pareko ikasleei. Iaz lehen aldikoz, ehun bat irakaslek ireki zuten posibilitatea eta dozenaka ikaslek zuten azterketa euskaraz pasa, eta aurtengoan ere dinamika bera espero dute. 'Ahobizi' eta 'belarriprest' txapak jantzita edota bestelako keinu batzuk baliatuta adieraziko diete ikasleei "babes osoa" dutela euskaraz mintzatzeko.
Ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute asteazkenean Baionako Santa Izpiritu auzoan hogei bat irakaslek edota gurasok: "Baliabideak badira, gizartean bada nahia, administrazioaren esku da orain erabakia hartzea. Gure ekintzak erakusten du praktikan posible dela. (...) Belarriak prest ditugu, izan zaitez aho bizi!". Ekimenak guraso elkarteen babes zabala du eta Euskal Haziak, Biga Bai, Ikasbi eta Seaskako gurasoak izan dituzte ondoan prentsaurrekoan.
Frantziako Hezkuntza administrazioaren partetik "aitzinamenduak" galdetu dituzte, zenbait irakaslek desobedientziaz bermaturiko aukera izan beharrean, ikasle guziei bideraturiko eskubidea izan dadin. Aitzineko urtean ere "urratsak" galdetu zizkioten Frantziako Estatuko Hezkuntza ministerioari: "Urrats bat emanik amaitu dugu ikasturtea, baina egoera hau behin-behinekoa izatetik behin-betikora pasatzea dugu helburu, eta aukera baliatu nahi duten ikasle guziei eskaini behar zaie. Heldu den ikasturtea albiste baikorrekin hasteko esperantza badugu". Baina albiste baikorrik ez zaie agertu eta horregatik dute aurten ere errepikatuko ekimena.
Aspaldikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen aldeko borroka. Manifestazio, ekintza zein desobedientzia bidez, behin eta berriz plazaraturiko eskakizuna dute irakasle zein ikasleek. Azkenik, ekainaren 4an, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek zuten Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu Baionako suprefetura aitzinean batuta. Suprefeturako idazkari nagusiarekin bildu zen ordezkaritza bat, eta idazlan bat egiteko proposatu zioten, baxoan filosofiako proban egin ohi den gisara gai bat emanda: "Zuzena ote da azterketak euskaraz pasatzea debekatzea?". "Geroztik ez dugu kopiaren berririk; azterketan huts egin du. 0/20 nota suprefetarentzat", erran zuten orduan, umoretik bideratuta borroka.