argia.eus
INPRIMATU
Aurreztea eta autokontsumoa trabatuko ditu Espainiako lege energetiko berriak
  • Lege energetikoa aldatzera doa Espainiako Gobernua eta Diagonal egunkarian irakur daitekeenez egitasmo berriak aurreztaileei eta autokontsumitzaileei kalte egiten die. Energia gutxiago kontsumitzeagatik izan beharreko abantailak kenduko zaizkie.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko abuztuaren 06a
Espainiako lege energetiko berriak UNESA patroonalari ekartzen dizkio onurak.

UNESA energia sektoreko patronala da erreforma berriarekin sakrifiziorik egin beharko ez duen bakarra, Cote Romerok (Ecooo energia berriztagarrien enpresako zuzendaria) dioenez. Bere esanetan, boterea eta aberastasuna gutxi batzuen eskuetan geratuko da neurri horiek aurrera eramanda.

Aldaketak

Argiaren fakturan zati finkoa eta aldakorra daude. Lehenengoa sistemaren gastuei aurre egiteko ezarritako kopurua da, eta bigarrena bakoitzaren kontsumoaren arabera aldatuko da. Erreformarekin zati finkoa igoko da %77an, eta energia aurreztu eta gutxiago kontsumitzen dutenei ez zaie zirrikiturik utziko.

Autokontsumoko formula berriztagarriek ere kostu handiagoa izango dute, herritarrari bere energia sortzeko eta autogestionatzeko oztopoak jarriz. Batetik, argiaren fakturako zati finkoaren igoerarekin ez da alde handirik nabarituko gutxiago kontsumituta, eta bestetik, jarrita dauden eta jartzera doazen instalazioei telemetria gailu garestia eta kontagailu berri bat ipintzea exijituko zaie. Bi hilabeteren buruan ipinita ez dutenek 60 milioi euroko isunak jasoko dituzte.