Hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote txiolariari, idatzitakoek gorrotoa eta biolentzia indartzen dituela argudiatuz.
2012 eta 2014 urteen artean idatzitako zenbait txiorengatik epaitu zuten 25 urteko Luis Lorzano kanariarra, eta zigor arloko salak, gehiengoz baina ez aho batez, absolbitu egin zuen martxoan. Zigor arloko salaren arabera, Lorzanok sare sozialetan argitaratutako mezuek ez zuten terrorismoaren goratzea egiten.
Fiskaltzak, baina, helegitea jarri zuen erresoluzioaren aurrean. Apelazioen Tribunalak bat egin du ebazpenaren gaineko ezadostasun horrekin, gaztearen mezuak gorroto eta biolentziaren “zeharkako pizgarri” direlakoan. Zigor arloko salak, bere momentuan, diskurtso egituratua edukitzetik urruti zeuden “protesta zakartzat” jo zituen txioak eta baztertu egin zuen mezuek gorrotoa, indarkeria eta terrorismoa bultzatzeko gaitasunik izatea. Apelazioen Tribunalak, ordea, kontrako iritzia azaldu eta orain hilabete batzuk absolbitua izan arren, zigortu egin du Lorzano.
“Badirudi terrorismoa dela aukera bakarra Kanariar Uharteak saltzen ez direla ulertu dezaten, borrokatu defendatzeko”, “Irailaren 11 ez zen drama bat izan, justizia izan zen” eta “Komando eta lapurreta gehiago behar dira, eta nire aldetik, fusilatu ditzatela Rodrigo Rato eta Emilio Botín” bezalako mezuengatik, eta Kanariar Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendua (MPAIAC) taldearen itzulera eskatzen zuen mezu bat bertxiotzeagatik epaitu eta zigortu dute, besteak beste.