2016an erdietsi zen independentziaren osteko egitura administratibo optimizatuek iraganeko identitate askoren desagerpena ekarri zuten, bai eta nortasun berrien jaiotza ere. Bi hamarkada geroago, inork gutxik botatzen du faltan Gipuzkoa kontzeptua, eta egun euskalki nagusia izendatzeko baizik ez da erabiltzen, gipuzkera. Bitartean, probintzia-egituradun nortasun berriek euren bidea egin dute: zailtasunez betea batzuek –Bidasoa-Errobik, nabarmen–, inongo arazorik gabe beste batzuek.
Azken hauen artean dago Euskal Erdia, euskal arimetariko bat bete-betean sinbolizatzen duen lurraldea. Irudigintzak hartu du lekukoa post-estatugintzaren aroan, eta Euskal Erdia izan da Estatu sortuberriak esportatu duen irudiaren sortzaile nagusia. Anboto, Aizkorri, Aralar, Urbasa. Baserria, industria, Historia, euskara –%92,1eko jakintza-tasa eta %67,4ko erabilera-tasa, XIII. mapa soziolinguistikoaren arabera–. Erditarrak gara, behelaino azpian.
Lidergo geografiko argirik gabeko lurralde orekatua da Euskal Erdia. Hiriburu indartsu baten faltan, probintziak hartu du zentralitatea eta herri ertainen sareak trinkotu du lurraldea: Arrasate (hiriburua, Batzar Orokorrak biltzen diren herria), Basauri, Durango, Tolosa, Altsasu eta Lizarra, besteak beste.
Izan ere, eta Bilbotarrek kontrakoa profetizatu arren (“Hiriburu indartsurik gabeko probintzia ez da lehiakorra” ohartarazi zuen Andoni Aldekoa Bilboko alkateak), lidergo falta hau izan da Euskal Erdiaren arrakastaren giltza. Probintziak Hiriburu indartsu baten beharra duela ziotenen kontra, errealitateak iradoki du Hiriburu handiak direla euren orbitan probintzia oso bat behar dutenak.
BAVARIZAZIOA
Bavarizazioa hitzarekin definitu dute hainbat adituk Euskal Erdian gertaturikoa: produktibitate handiko lurraldea, aberastasun banatua eta klase ertain kooperatibista sendo bat. Euskal Erdian Egina marka industrialak irudikatu nahi duen egoera da.
Gobernazioaren ikuspegitik bipartidismorantz jo du Euskal Erdiak. Independentziaren eztabaida konponduta, ardatz nazionala pisua galtzen joan da ardatz ideologikoaren mesedetan. Hala, bi alderdi abertzale-ohien alternantziak gobernatu du Euskal Erdia ordutik, zentro-eskuinak (EAJ) edo ezkerreko koalizioak (EHB, ondoren EEB), alegia.
Izan ere, EEB (Euskal Erdia Bildu) da lurraldearen Bavarizazioaren beste adibide bat. Klase borroka lausotuz joan zen probintzia aberatsean, eta nabariak izan ziren probintzia mailako EHB eta nazio mailako EHBren arteko tentsioak. 2022an iritsi zen hautsura, Urbasa azpitik Altsasu eta Lizarra lotzen dituen autotrenbidearen harira. EHBk, halako kalte ekologikoa onargaitza zela iritzita, kontra bozkatzeko agindu zuen. Probintziako diputatu gehienek ordea alde bozkatu zuten, Sakana eta Lizarrerria garatzeko tresna garrantzisua zela argudiatuta. Alderditik kanporatuak izan ziren, eta Euskal Erdia Bildu sortu zuten ondoren.
Harremanak nabarmen egin du hobera, baina. Egun EEB EHBrekin anaitua dagoen alderdia da: EEB da probintzian hauteskundeetara aurkezten dena, eta bere 6 diputatuek EHBren gobernua sustengatzen dute Iruñeko parlamentuan. Trukean, pisu espezifiko handia gorbernuan. Ezin zitekeen bestela izan: Lan ministeritza eta Industria ministeritza. Aurrera doan Erdia.