Ez ohiko gobernu kontseilua egin du Eusko Jaurlaritzak ostegun goizean eta EAErako aurrekontu proiektua erretiratzea erabaki du. Eusko Legebiltzarrari jadanik jakinarazi diote aurtengo aurrekontuen luzapena izango dela.
Aurrekonturik gabe, ardura zeinena den eztabaidan murgildu dira Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu. Lehenak, koalizio abertzalearen “erantzunik” ez duela izan azaldu du, eta horren ondorioz ostegunean 8:00etan erabaki duela bere proiektua erretiratzea.
Aitzitik EH Bilduk “gezurra” esatea leporatu dio Iñigo Urkulluren exekutiboari eta ohar bidez bere iritzia eman du. Maddalen Iriartek zuzenduriko taldearen esanetan asteazken arratsaldean eman zuen erantzuna: “Gutxiengoan dagoen gobernu baten porrota da”, esan du.
Aurrekontuen negoziazio luze joan da eta azken lokarria gutxieneko pentsioek izan beharreko igoeran korapilatu da. Pedro Azpiazu ekonomia sailburuak 2020an pentsioak 830 eurora igotzea proposatu zuen, baina EH Bilduren ustez ez da nahikoa eta igoera 853 eurorainokoa izatea eskatu du –pentsionisten mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsio duina eskatzen dute–. Horrez gain DSBEko murrizketak kendu eta gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezartzea ere eskatu du.
Koalizio abertzalearen iritziz Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak bere proposamenetara ez egokitzeko “arrazoi politikoak” daude ekonomikoak baino. “Diru sarrerak ondu diren honetan, Gobernuak jarraitzen du krisiaren garai zailenetan ezarritako murrizketekin, hori al da ‘auzolana’?”, galdegin du Iriartek bere Twitter kontuan.
Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, asteazkenean egindako agerraldian adierazi zuen aurrekonturik ezean “gizarte osoa” izango dela kaltetua.