Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzera botako du aurtengo aurrekontu proiektua, atzo Bruselan jakinarazi zuenez. Legebiltzarrak aurrekontuei betorik ez jartzea lortu nahi du Jaurlaritzak.
Hori gertatuko litzaiokeen aurreneko lehendakaria izango litzateke Urkullu.
Gaur ezohiko bilera egingo du gobernuak Gasteizen. Aurreikuspenak betetzen badira, proiektua atzera botatzea erabakiko du Jaurlaritzak. Hala balitz, bihar Eusko Legebiltzarrean egitekoa zen osoko zuzenketen eztabaida bertan behera geratuko da. Proiektua biharko saioan aurkeztuz gero, Jaurlaritzak ez luke nahikoa babes lortuko hura aurrera ateratzeko. Urkullu izango litzateke Legebiltzarrak aurrekontu proiektua itzuliko liokeen lehenengo lehendakaria eta, hain justu, hori saihestu asmoz hartu du atzera botatzeko erabakia, oposizioak salatu duenez. Lehendakariaren "porrota" nabarmendu dute guztiek, gainerako taldeekin adostasunera heltzerik lortu ez duelako.
Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Barrosorekin eta Europar Batasuneko ministroen kontseiluko presidente Herman Van Rompuyrekin bildu ostean eman zuen erabakiaren berri Urkulluk. Lehendakariak dioenez, litekeena da Europar Batasunak Espainiako Estatuaren kasuan zehaztutako defizit helburua leuntzea. Erkidegoen gaineko presioa arintzea ekarriko luke horrek. Bildu dituzten datu berriak aintzat hartuta, "agian" horietan oinarritutako aurrekontu proiektua diseinatzea merezi duela esan du Jaurlaritzak, gerta daitekeenari buruzko ikuspegi gaurkotuagoa eskaintzen dutelako.
Bruselak hilabete barru jakinaraziko du defizit mugak handituko dituen ala ez.
Zer gertatuko da orain?
Erantzun konkreturik ematerik ez dago. Oposizioko alderdiek oraindik ez dakite lehendakariak 2013rako aurrekontu berria aurkeztuko duen, ala 2014rako akordioak lortzen saiatuko den. Iñaki Iriondo kazetariak Gara egunkarian nabarmendu duenez, legeak zehazten dituen epeak kontuan hartuta, oso zaila da 2013rako beste zirriborro bat aurkeztea.