argia.eus
INPRIMATU
Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute
  • Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa onartu LAB eta ELAk (hiru eta bi ordezkari dituzte, hurrenez hurren). Nabarmenena da: abenduaren 31ra arte eutsi eginen diola lantokiak jardunari eta zenbait kalte-ordain hobetu egin dituztela azkenengo kontsulta bileran. Goizaldeko ordubietan amaitu dute bilkura.

Euskalerria irratia @fm983irratia Maialen Huarte Arano 2025eko uztailaren 18a

"Aurreakordioa erdietsita amaitu da bilera", hala adierazi du Euskalerria Irratian LAB sindikatuko ordezkari eta Eskirozko BSH lantokiko langile Sergio Ayucarrek. "LABek(hiru ordezkari) eta ELAk (bi ordezkari) ez dugu bat egin, finean kaleratzeak jasotzen dituelako eta lantegiaren itxiera dakarrelako", azpimarratu du. Gehiengoak ordea, bai, sinatu dute mahai gainean jarritako testua: UGTk zazpi ordezkari ditu, Comisiones Obrerasek bi, ATTISek beste bi eta bat Solidarik. Hitzarmen horretan jasotako nabarmenetakoa da, abenduaren 31ra arte zabalik mantenduko dela Eskirozko lantokia. "Kalte ordainei dagokienez, 55 urtetik 62 urtera dituztenen artean soldataren %70 ordainduko zaie eta 63 urte arte Gizarte Segurantzarekin hitzarmena ere bai, 63 urtetik gorakoek urtebeteko soldata osoa jasoko dute eta 54 urte baino gutxiagokoek 45 eguneko kalte-ordaina mugarik gabe eta 1.500 euroko ordainketa lineala urte bakoitzeko", azaldu du Ayucarrek. 

Datozen pausuak

Aurreakordioa beraz sinatuta, oraindik langileekin konpartitzea eta bozketa egitea falta da, noski. Zuzendaritzak hartutako jarrerarekin haserre daude BSHko lan batzordeko kide eta langileak: "Onartezina da hilabeteotan pasarazi digutena, horren adierazle, azkenaldian ohi baino lan-baja gehiago egon izana, asko, emozionalki jota daudelako", salatu du Ayucarrek beste behin. "Bideragarritasuna duen lantokia dela esaten segitzen dugu eta lanpostuak mantentzea izan da hilabeteotan egin dugun borrokaren helburua. Segitu dugun estrategiarekin kontent gaude, asmatu dugula uste dugu, izan ere, multinazionala deseroso sumatu dugu", hausnartu du. Azken egunean erdietsi dute "hobekuntzaren bat", ordura arte, tinko mantendu da ezezkoan zuzendaritza. 

Kaleratzeak eta itxiera

609 kaleratze dira aurreikusten dituenak zuzendaritzak. Atzo amaitu zen kontsulta-negoziazio epea. Goizaldean utzi dute bilera. Lan batzordea UGTren zazpi ordezkarik, LABeko hiruk, Comisiones Obreraseko bik, ELAko bik, ATTISeko bik eta Solidariko batek osatzen dute. Aurreakordioa gehiengoak sinatu zuen, 17tik 12k. Ez zuten mahai gainean jarritakoa onartu LABek eta ELAK.