argia.eus
INPRIMATU
Aurizberriko irakurle taldeak Mikel Albisu bakean uzteko eskatu du
  • Covite biktimen elkarteak hala eskatuta, joan den astean Nafarroako Gobernuak eskatu zien herrialdeko iparraldeko zenbat udalerriri Mikel Albisuri kentzeko irakurle taldeen gidari lana.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko azaroaren 24a
Argazkia: Xaloa Telebista

Covitek salatu zuen Mikel Albisuk Nafarroako iparraldeko hainbat udalerritako irakurle taldeak koordinatzen zituela. Horren ondorioz, eta “Nafarroako Elkarbizitza Planean oinarrituta”, Nafarroako Kultura Kontseilaritzak irakurle talde horiek kudeatzeko Albisuk duen ardura bertan behera uzteko eskatu zien hainbat udali. Aezkoa, Agoitz eta Erroibar Auritzeko teknikariek kontratatu dute Albisu Irakurle taldea dinamizatzeko.

Orain, Aurizberriko irakurle taldeko hamabost lagunek salatu dute modu horretan, Mikel Antzari –hori da Albisuren izen literarioa– “inongo epaitegik edo auzitegik halakorik agindu gabe, herritar libre gisa lanerako duen eskubidea ukatu nahi diotela”.

Irakurle taldeak “beti saio zinez aberasgarriak gertatzen” direla diote herritar horiek eta ekimenak irauten duen lau urteotan ikasi dutela haien barnean sortzen diren pentsamenduak hitzetan jartzen, “besteei ulertarazteko moduan”. Ikasi dute, halaber, “besteei entzuten, haien iritziak kontuan hartuz.

Baina, batez ere, solasaldi hauei esker gure literaturazaletasunean sakondu dugu, literaturaz ikasi dugu eta saiora sartu ginen baino aberatsago atera gara: irakurria genuen liburua kolore berriz ikusi dugu solasaldian parte hartzen dugunoi esker”.

Sinatzaileen iritziz, “solasaldiak antolatzeko ardura duen Mikelen aurkako erasoa ez ezik literaturaren eta euskararen kontrako erasoa ere bada honakoa”. Eta eskatzen dute “bakean utz gaitzatela orain arte bezala denon aholkuak entzunda Mikelek proposatzen dizkigun irakurgaiez gozatzen”.

Honako webgunean zabaldu du agiria taldeak: www.emanbakea.eus. Bertan agertzen dira sinatzaileak, solasaldietan aztertu dituzten liburuen zerrenda eta herritarrek agiriari atxikimendua adierazteko aukera.  

Albisu 2004an atxilotu zuten Frantziako Estatuan eta han egin zuen preso 2019ra arte. Espainiako Segurtasun Indarren ustez, hainbat urtez ETAko buruzagitzako kide izan zen. Espainiako legediak birgizarteratze politikak bultzatzen ditu preso guztiekin, kalera ateratzen direnean beste edozein herritarrek bezala lan egin ahal izan dezaten. Errealitatean, aldiz, eta bereziki hainbat biktima elkartek bultzatuta, preso politiko ugariri lan egiteko trabak jartzen dizkiete, batez ere lan horietan zuzenean edo zeharka erakunde publikoak tartean badira.