Euskaltzaindiak osoko bilkura egin zuen joan den ostiralean (23) Bilbon. Bilkuran Aurelia Arkotxa idazlea proposatu zuten Euskaltzaindiko 25. aulkia hartzeko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oiartzabal euskaltzainek aurkeztu zuten Arkotxaren hautagaitza. Abenduan 25. aulkia betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak baina orduan aurkeztutako hautagaiak, Xarles Bidegainek, ez zuen gehiengo osoa lortu. Bi hilabeteko epea izan dute euskaltzainek hautagaitza berriak proposatzeko. Arkotxaren izena baino ez dute proposatu. Hautagaitza berriaren bozketa martxoko osoko bilkuran egingo da. Horrez gain, 27. eta 28. aulkiak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea zabaldu zuten euskaltzainek ostiraleko bilkuran.