argia.eus
INPRIMATU
Aukeran, guk geuretik
Leire Ikaran 2025eko azaroaren 18a
Leire Ikaran

Physis versus nomos 
Non: Ondarroako Gaztetxean. 
Noiz: Azaroaren 1ean.

-------------------------------------------------

Udazken arratsaldea da, goibel dago eguna, eta gaztetxeko atetik euriari begira nagoela, neure buruari galdetzen diot ea zenbat jende hurbilduko den gaurko kontzertuetara. Eta begira saiatu naizela pentsamendu hori neure burutik kentzen, Betepaeta moduko ziklo batean hori ez dela lehentasuna. Eta bai, baina… Zaila da. 

Zaila da, BEC moduko aretoak betetzea modan dagoen garai hauetan; eta zaila da sold out fenomenoa arrakastaren erakusle bilakatzen denean. Zuzeneko emanaldietan joerak aldatzen ari dira, eta musikaren industriak kontzertuak komertzializazioaren gurpilean sartzera eramaten ditu, salerosketako produktu bihurtzeraino. Adierazpen artistiko izatetik, kontsumo produktura. Eta talde batzuek aretoak eta estadioak hartzen dituzten era berean, beste batzuek faltan dituzte. Betepaeta moduko kolektiboek badute horri aurka egiteko nahi bat, beste espazio batzuetan jotzeko aukera ez duten taldeei leku hori eskeintzen zaie. Kasu honetan, Ondarruko Gaztetxera gonbidatu ditugun bi taldeak dira: Physis versus Nomos eta Marell.

Lehenak bosgarren lan luzea aurkezten dabiltza, Burdin gozoa eta arrabioa. Irakurri diet "musika psikodelikoa?" (galdera ikurra ere beraiena da) egiten dutela, eta neuk ere ez dakidanez sobera asko etiketa horiek manejatzen, horrela utziko dut.

Arraro abestiarekin ireki dute kontzertua. Eta geu ere hala gaude. Gaztetxean hutsune gehiegi,  eta huts egitearen sentsazioa barrua jaten, baina abestiak gogorarazi dit, “zenbait hutsunek badaukala osotasunik”, eta gutxi gauden arren guztiontzat dela gaztetxea babesleku, epel eta lasai egoteko aterpe bat.

Beste pare bat kanta nostalgiko musikatu ostean, disko berriko Ea Goiz Dan abestia jo dute. Gitarraren melodia soil batekin hasi dute kanta eta gutxinaka pelikula batean sartzen nengoela iruditu zait, road trip batean. Hortxe hasi da intentsitatez betetako bidaia. Izan ere, sotila bezain garrantzitsua da talde honek intentsitateekin egiten duen jolasa. Antxustegiren ahots apurtu horrek badaki noiz izan gozo, noiz zorrotz eta noiz egin oihu. Eta noiz aldendu mikrotik oihuak are gordinago izateko.

Diskoko David Bazanen Curse your branches abestiaren bertsioa ere jo dute. Beti iruditu izan zait Bazanen abestietan letrek eta melodiek elkar behar dutela, musikak iradokitzen dizun guztia letrek esaten dutelako, eta alderantziz. Physis ere sinergia horretan dabil jostari. 

Himno bat lez, guztiok batera “lalala” abestuz bukatu dugu, lotsak galduta ozen kantatuz: “Behin bakarrik biziko gara, gure aukeran dago dena”. Hemen egotea eta leku hau sortzea erabaki dugulako, txikitik iraultza egin daitekeela sinistuta. Guk jarraituko dugu antolatzen, eszena indartzen eta gizarte hau irudimenez eraldatzen. Arrakala hauetan batera kantatzen. 

PD:  Marell-en kronika beste batean izan beharko da, antolaketan ibiltzearen ajeak.