Azken bi urtean %5 murriztu da Nafarroan bizi den etorkin kopurua, espainiar nazionalitatea eskuratu dutelako batez ere, eta ez hainbeste euren jatorrizko herrialdeetara itzuli direlako.
Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikarako kontseilari Iñigo Allik emandako datuen arabera, 2011ko urtarrilean 71.600 atzerritar bizi ziren Nafarroan, eta bi urte geroago 67.714. Biztanleria osoaren %10,5 ordezkatzen dute (Espainiako Estatuko batez bestekoa %11,7koa da).
Haietatik %55 Iruñerrian bizi dira. Tasarik altuena, ordea, Nafarroa hegoaldean dago. Tuteraldean %16,2 dira atzerritarrak, eta Goi Erriberan %14,2.
Bizikidetzarako estrategia
Nafarroako Gobernuak 2014-2017 epealdirako Bizikidetzarako plana aurkeztu du. Helburutzat ditu gizarte kohesioa indartu eta atzerritarren integrazioa bultzatzea. Oinarrizko bi printzipio izango ditu: normalizazioa eta berdintasuna. Allik azaldu duenez, Nafarroan apenas izan da gizarte-gatazkarik zentzu horretan, baina estrategiak prebentzio lana sustatuko du, eta aurreiritziak borrokatu, immigranteen zein bertakoen artean.
Madrilek osasun zerbitzuen aurkako helegitea jar lezake
Ziur aski Espainiako Gobernuak helegitea jarriko du Nafarroan bizi den pertsona ororen osasun arreta bermatzen duen legearen aurka, Diario de Noticias egunkariak jakinarazi duenez. Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren hitzetan, Nafarroako eta Espainiako gobernuek hainbat bilera egin dituzte, akordioa lortze aldera. Ez dira adostasunera heldu, ordea, eta litekeena da Estatuak helegitea jartzea Konstituzio Auzitegian.