Iruñeko Buztintxuri auzoko trenbidetik gertu gertatu zen sexu erasoa igandean, 22:30ak aldera. Herritarrak izan ziren Poliziari gertakariaren berri eman ziotenak eta biktima artatu zuten agenteak agertu arte.
Iruñeko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igandean Buztintxuri auzoan, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Trenbidearen eta Victor Eusa kalearen artean izan zen erasoa, 22:30ak aldera.
Bizilagunek eman zioten abisua Poliziari eta biktimarekin geratu ziren agenteak agertu arte. Poliziek biktima artatu eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Sexu erasoen kontrako protokoloa aktibatu eta abokatu zein psikologo banaren laguntza eskaini zioten emakumeari.
Erasotzailea unean bertan atxilotu zuten. Aurrekari penalak ditu eta, epailearen aurretik pasatu ondoren, espetxera bidali dute.