argia.eus
INPRIMATU
Atxilotu dute bezeroei sexu jazarpena egiteaz akusatu duten Donostiako tatuatzailea
  • Bezeroei ustez erasoak egiteagatik, tatuatzaile bat atxilotu du Udaltzaingoak Donostian. Astelehen arratsaldean gertatu da, sare sozialetan bederatzi pertsonek tatuatzailea salatu ostean.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 06a

Pasa den astean emakume batek erasoaren berri eman zuen sare sozialetan. Oihartzun handia izan du mezuak. Guztira, bederatzi dira; ia guztiak emakumezkoak.

Mezuak zehazten duenez, dendan sartu bezain laster hitz “probokatzaileak” entzun behar izan zituen emakumeak – sexuarekin lotutakoak –  eta tatuajea besoan bazen ere, ipurditik nahiz aldaketatik “sendo heldu” ziola adierazi zuen. Hainbat salaketek ondorio penalak izan ditzaketenez, epailearen esku utzi dute kasua.  

Mugimendu feministak erantzuna eman die erasoei: pintadaz eta kartelez bete dute dendaren kanpoaldea. “Erasorik ez erantzunik gabe”, “alde hemendik” eta “zerria” bezalako mezuak idatzi dituzte, salaketa jarri duten emakumeei bakarrik ez daudela adierazteko.