Bilboko Alde Zaharreko bizilagun espazio publikoak enpresa pribatuei saltzeaz aspertuta, Volkswagen auto enpresa alemanak antolatutako festaren parean eltze-jotzeak ari dira antolatzen. Ostegun gauean udaltzainekin izandako liskarretan pertsona bat atxilotu zuten.
Irailaren 22tik 28ra festa pribatua egiten ari da Volkswagen enpresa alemana Erriberako merkatuan. Bizilagunek espazio publikoa interes pribatuei “saltzea” salatu dute, turistifikazioaren eraginak geroz eta nabariagoak diren hirian. Espazio publikoaren “inbasioa” eta soinu altua egunez jasan beharra salatu dituzte, eta asteazken gauean protesta egin zuten festaren parean; liskarrak izan ziren orduan udaltzaingoarekin.
Ostegun gauean bizilagunak zarata egitera atera ziren berriz, eta dozenaka udaltzain eta ertzain izan zituzten aurrean. Tentsioak berehala egin zuen gora, eta liskarrak hasi zirenean udaltzainek borra hedagarriak erabili zituzten. Udaltzainek eta ertzainek festa pribatua elkarlanean babestu zuten, eta auzotar bat atxilotu eta Miribillako komisaldegira eraman zuten.
-Turistificación masiva.
-Precarización.
-Alquileres desorbitados.
-...
¿Respuesta del Ayuntamiento? (Porras ilegales y criminalización)👇 pic.twitter.com/WZoS4h7wSL
— Eragin Bilbo (@EraginBilbo) September 26, 2019
Xabier Otxandiano zegoen festan
Bilboko zinegotzi eta Juan Mari Aburto alkatearen gertuko kidea, Xabier Otxandiano jeltzalea, Volkswagenen festa pribatuan egon dela salatu dute sarean; Otxandianok “kanpaina egiteko aukerarik” galtzen ez duela azpimarratu dute. Diru publikoz ordaindutako funtzionarioak bizkartzain gisa edukitzea, festaren kudeaketarako tranbiaren errailak “blokeatu” izana eta autobusaren bidea ixtea salatu dituzte, besteen artean.