Sare sozialetan zabaldu da Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kaleko okina zigortu dutela Ertzaintzak migratzaile bat modu txarrean nola atxilotzen zuen filmatzeagatik. Hostaizka Bregaña du izena, nahiz eta auzoan denek Gelo deitzen duten. Marrubi Bregaña alabarekin hartu du ARGIA, zer gertatu zen kontatzeko, gertakariaren unean elkarrekin baitzeuden. Ez identifikatu izana eta operatiboa oztopatzea egotzi diote. Berak, bi akusazioak gezurtatu ditu.
Eguneko ogia, croissanak eta gozoak saltzeaz gain, izaera berezia duen okindegia da Ikatz Gozotegia. Guardetxea Auzoarentzak kartela erakusleihoan, Aita Mari laguntzeko kamisetak edo Palestinaren aldeko banderak eta kamisetak ere saltzen dituzte bertan. Gizarte justuago baten alde bustitzen den pertsona horietako bat da Bregaña, eta horren lekuko, berriki jaso duen isuna.
2023ko abenduaren 7an Bretxako plazan mutil migrante bat atxilotzen ari ziren lau bat ertzain. “Oso, oso, oso bortizki” atxilotzen ari zirela nabarmendu nahi izan du Bregañak. Atxilotuaren aurpegia autoaren aurka jarrita zeukaten, jotzen ari ziren, mina zeukala oihukatzen ari zen atxilotua. Horrelakoetan gertatzen den moduan, jendea inguruan biltzen hasi zen, begira, eta beraiek ere horrela iritsi ziren leku horretara. Ertzainek zerabilten biolentzia ikusita eta inor ez zenez grabatzen ari, Hostaizka Bregañak mugikorra atera eta grabatzeko keinua egin zuela kontatu du. “Baina ez nuen ezer grabatu”, dio. Agente bat berehala hurbildu zitzaion eta identifikatzeko eskatu zion, "gainontzeko hiru poliziek mutila oso bortizki atxilotzen jarraitzen zuten bitartean”. Bregañak dio identifikatzeko diru-zorrotik NANa atera zuela eta erakutsi ziola. Behin datu guztiak jasota ertzainak salaketa etxera iritsiko zitzaiola esan zioten eta alde egin zuten bertatik. Atxilotua ordurako kotxe barruan zeukaten.
Beren ustez, ertzainei ez zien graziarik egin grabatuak izaten ari zirela ikusteak. “Atxiloketa asko grabatu ditut eta argi ikusten dut kontu handiagoz ibiltzen direla atxilotuekin, batez ere, min egiteko momentuan. Horregatik egin nuen grabatzeko keinua, mutila jotzeari utz ziezaioten”.
Azkenean, 700 euroko isuna iritsi zaie, bi akusaziorekin: identifikatzeari uko egin izana eta agenteei beren jarduna oztopatzea. Biak ukatzen dituzte ama-alabek.
Lehengoaren harira diote ez ziola identifikatzeari uko sekula egin. Poltsatik NANa atera zuela agenteari emateko eta erakutsi ziola, baina bitarte horretan atxilotua gogor kolpatzen ari zirela eta hori aurpegiratzen ari zirela. Bigarrenaren harira, argi dute ez zutela Poliziaren jarduna oztopatu. “Identifikatzeko eskatzen ari zitzaigun bitartean mutilari mina egiten gelditzeko eskatzen ari ginen, mutilari mina egiten gelditzeko. Oihukatzen ari zela”. Era berean isunak aipatzen du “aurreratu eta gerturatu” egin zirela. Baina une oro ama-alabak gainontzeko jendearekin batera egon ziren eta ez ziren mugitu ezta aurreratu ere. “Gezurra da. Jende piloa zegoen inguruan”.
Auzoaren babesa sentitzen du Bregañanek: “Auzoan eta bertako jendeaz babestuta sentitzen naiz, beti”. Isun ekonomikoari aurre egiteko Piztu Donostia ekimenak erresistentziarako kutxa ireki du, eta nahi duenak 696755741 zenbakira Bizum egiteko aukera jarri dute.
“Lotsagarria da. Edozein pertsonak dauka grabatzeko eskubidea, hala dago jasota legeetan. Operazio polizial bat grabatzeko aukera dago, beti ere identifikatzen baldin bazara. Badakigu grabazio horiekin ezin dela askorik egingo. Baina, nire amak egin daitekeen guztia egin zuen. Eta ertzainari iruditu zitzaion ez zegoela legeak interpretatzen zituen muga horien barruan, eta hortaz nire amak isun bat merezi zuela grabaketa horiengatik”. Gaineratu nahi izan du gertaera honek “beste behin” polizien inpunitatea frogatzen duela.