argia.eus
INPRIMATU
Hiru iheslari atxilotu dituzte Miarritzeko ekitaldiaz geroztik
  • Ekainaren 15ean Miarritzen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak “Herria dugu Arnas” ekitaldia egin osteko hirugarren atxiloketa izan zen atzokoa. Astelehenean Heletan Jokin Aranalde eta Urruñan Beñat Atorrasagasti atxilotu zituzten. Asteartean Pauko epaitegian izan ziren eta aske utzi dituzte epaiketa bitartean. Atzoko atxilotua Aitor Zubilaga legazpiarra da. Beraren aurkako euroagindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko ekainaren 27a
Gaineratu dute Miarritzen proposatutako konponbiderako ibilbidearekin jarraituko dutela. Aldi berean martxan jarri duten prozesuari gogoz eta ilusioz eutsiko diotela ere nabarmendu dute. Argazkia: Naiz.info

Pernando Barrenak Sorturen izenean baloratu ditu atxiloketak: “Portaera honen bidez Frantziao Gobernuak erakusten du ez duela posizio propiorik eta bere burua mugatu egiten duela bake prozesuaren aurka Espainiak duen jarrerari babesa ematera”. Frantziako Gobernuari, euskal gatazkan duen ardura har dezan eskatu dio Ezker Abertzaleko bozeramaileak.

Atxiloketen aurrean, Iheslari Politikoen Kolektiboak igorri duen komunikatuan, hiru atxiloketak oso larritzat jo ditu. Gaineratu dute Miarritzen proposatutako konponbiderako ibilbidearekin jarraituko dutela. Aldi berean, martxan jarri duten prozesuari gogoz eta ilusioz eutsiko diotela ere nabarmendu dute.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Zubillagak mehatxuzko gutun bat bidali zion Legazpiko alkateari eta egun batzuk geroago “gutxienez hiru tresna su-eragile” bota zituen Eusko Alderdi Jeltzalearen egoitzaren aurka. 2008 eta 2009 urteetan ere atxilotu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2000. urtean ertzain baten autoaren eta etxearen aurkako erasoak leporatu zizkion.