Atutxak ukatu egin du Rajoyren inbestiduraren truke PPk Urkullu babestuko duenik

  • EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak uste du Urkulluk “babes ezberdinekin gobernua osatzeko behar den lidergoa” lortuko duela irailaren 25eko hauteskundeetan.


2016ko abuztuaren 22an - 11:21
Itxaso Atutxak uste du EAJk EAEko gobernuaren osaketa aurrera eramateko adina babes jasoko duela irailaren 25ean.

“Kontuan ere ez dugu hartzen aukera hori. PPk ez du EAJri eskaintzeko ezer, eta gainera, Euskadin etengabe indarra galtzen ari den alderdia da. PP ez da alternatiba EAEko lurraldeetan”. Hitz horiekin ukatu du EAJko Itxaso Atutxak irailaren 25eko hauteskundeen ostean PPren babesa jasotzeko aukera, aurrez jeltzaleek Rajoy babestearen truke.

Deia egunkarian egin ditu adierazpenok Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Besteak beste, EAEko eta Espainiako gobernagarritasunaz, Podemosen agerpenaz eta Otegiren hautagaitzaz mintzatu da.

Atutxaren ustez, EAEn ez da gobernua osatzeko arazorik izango: “Inkestek diotena betetzen bada, gobernuaren osaketa aurrera eramateko adinako nagusitasuna izango dugu, alderdi ezberdinen babesarekin”. Bere esanetan, akordioak lortzen dakiela erakutsi du Urkulluk, baina horretarako besteen programak aztertu beharko direla zehaztu du.

PSErekin eta EH Bildurekin harremanak

Atutxaren esanetan, jeltzaleek ez dute akordioak lortzeko “lehentasunezko bazkiderik”, nahiz eta aitortu duen PSErekin egindako itunak “ondo funtzionatzen duela”. Hala ere, gogorarazi du EH Bildurekin ere akordioak lortu dituztela, “Getxoko udaleko aurrekontuekin egin bezala”.

Koalizio soberanistarekin “azken hilabeteetan Eusko Legebiltzarrean ehundutako harremanak jarraipena izatea” nahi luke BBBko presidenteak. Azaldu du Arnaldo Otegik hauteskundeetara aurkezteko aukera izatea gustatuko litzaiokeela, baina oroitarazi du “lehendakariak ez duela ezer egiterik” hori konpontzeko.

Autogobernu ponentzia eta “gehiengo berriak”

Atutxaren arabera, EAEko autogobernu ponentzia “ez da porrota izan”. Onartu du azken txostena falta dela, baina uste du datorren legegintzaldian berriz gaiari eusteko adina lan egin dela. Hala, “ponentziak euskal autogobernuaren estatusean pauso bat aurrera egin beharra agerian utzi” duela azpimarratu du, eta Podemosen agerpenak gai horretan “gehiengo berriak sortu ditzakeelakoan” dago.

Espainiako gobernagarritasunari dagokionez, Atutxak adierazi du EAJk ez duela “inolaz ere” PPko hautagairik babestuko, “azken lau urteetan euskal autogobernuari eraso egin eta erdeinuzko jokabidea izan duelako”. Aitortu du abenduaren 20ko haustekundeen ostean PSOErekin hitz egin izana, baina zail ikusten du Pedro Sanchezen balizko hautagaitzak aurrera egitea. Atutxak ez du baztertzen hirugarren hauteskundeak izateko aukera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Autonomia Erkidegoko politika
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude