argia.eus
INPRIMATU
Atmosferako CO2 kontzentrazioa inoizko maila handienera iritsi zen 2014an
  • Gero eta berotegi efektuko gas gehiago dago gure planetaren eguratsean. Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) jakinarazi du karbono dioxido kontzentrazioa milioiko ia 400 parteraino iritsi dela (397,7 zehazki); alegia, %143 hazi da industrializazioaren aurreko arotik, 1750. urtea erreferentziatzat hartuta. Erregistroak existitzen direnetik neurtu den kontzentrazio handiena da.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko azaroaren 10
Karbono dioxido kontzentrazioa %143 handitu da industrializazioaren aurreko garaitik (Arg: Alfred Palmer).

Atmosfera berotzen duen beste gas batzuen bilakabidea ez da hobea. MMEren esanetan, metano eta nitrogeno oxido kontzentrazioak %254 eta %121 handitu dira 1750etik, hurrenez hurren. Gogoan izan behar da airean CO2 baino metano gutxiago egon arren, bigarrenaren efektua askoz handiagoa dela.

Atmosferan dagoen gas kontzentrazioa hain handia izanik, dagoeneko ezinezkoa da klima aldaketa saihestea, eta orain helburua da ahalik eta apalena izatea.

Lurrak bere burua hozten du eguzkitik heltzen diren erradiazio infragorriak itzuliz, baina berotegi efektuko gasek oztopatu egiten dute mekanismo hori, MMEko adituek gogorarazi dutenez.

Parisko COP 21, porrotera bidean

Beste erakunde batek, Erresuma Batuko Meteorologia Bulegoak, ohartarazi du 2015 amaieran batez besteko tenperaturaren igoera 1,02 gradukoa izango dela Industria Iraultzaren hasierakoarekin alderatuz. Abenduan Parisen egingo den COP21 klimaren gailurrean igoera bi gradutik gorakoa izan ez dadin akordio globala lortzea da xedea, baina dagoeneko goi-bileraren porrota iragarri dute askok, estatuek aurkeztutako gas isurketen murrizketarako konpromisoen ahuldadea dela eta.     

NBEk berak alarma jo du, eta azpimarratu du Parisen atarian agertutako konpromisoak ez direla nahikoa. Haietan oinarrituz egindako proiekzioaren arabera gas isurketek handitzen jarraituko dute 2030era arte, eta tenperatura igoera hiru gradukoa izango da mende amaieran.