Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren EAEko lehenengo erregelamendua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5eko Gobernu Bileran. Kulturaren eta komertzio txikien kontrako erasotzat ulertuta, Arteak Ireki plataforma sortu dute.
Erregelamenduak EAEko udalerri guztietako lokal eta tabernei eragiten die, eskaintza kulturalari dagokionez mugak ezarriz: aurrerantzean hilabetean ikuskizun bat antolatu ahal izango dute, urtean hamabi gehienez. Erregelamenduak ez du salbuespenik onartzen, eta adibidez, herriko jaietan ere muga berbera ezarriko da. Elizetako zuzenekoei ere eragiten die, abesbatzen emanaldiak ere mugatuz.
Erregelamenduaren izaera mugatzailea kulturaren eta komertzio txikien kontrako erasotzat jota, Arteak Ireki plataforma sortu dute EAE mailan. “Askotariko kolektiboek arrazoi guztiz musikarien prekarietatearekin amaitzea aldarrikatzen dute, eta era berean amaitu behar dugu areto, taberna eta aforo txikiko lokalek konpartitzen duten intseguritate juridiko eta prekarietatearekin, horiek baitira hari soziokulturalaren ezinbesteko birika”, irakur daiteke plataformak publiko egin duen idatzian.
Erregelamenduari kritika egiteaz gain, proposamenak ere luzatu ditu Arteak Ireki plataformak: “Kultura-espazioak izeneko kategoria berria sortzearen alde gaude. Hau funtsezko urratsa dela uste dugu aipatutako aforo txikiko eta izaera erabat kulturaleko espazio hauek babesteko, beti ere auzotarrekin elkarbizitza bermatuz. Formatu txikiko musikaren eta zuzeneko arteen aldeko marko normatibo berria behar dugu”.
Eusko Jaurlaritzak onartutako erregelamenduak udaletxeetako kultur arloko plan estrategikoekin talka egiten duela ulertuta, udaletako ordezkariak eta Kultura Sailburuak interpelatu dituzte. “Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zai gaude berau gainbegiratzeko, baina arduradunei dei egiten diegu gai honen inguruan gainontzeko talde politikoekin akordio bat lortu dezaten Legebiltzarrrean, eta ez dadin dekretua izan”, azaldu dute.
Plataforma sortu berria ostegunen aurkeztuko dute Gasteizko Florida plazan, 11:00etan. Bertaratuko direnei musika instrumentuak eramateko gonbidapena luzatu diete, Sumision City Blues taldeak egin duen kantua jotzeko. Kantua hemen entzungai:
Publiko egin duten manifestua irakurgai jarri dute, eta sinadura bilketari bide eman diote.