Ia 5 hilabete daramate greban Tolosaldeko Asunción Klinikako langileek. Kalitatezko osasun zerbitzua bermatzeko, lan-baldintzen hobetzea eta hitzarmen duina eskatzen dute. Tolosaldeko 31 udaletan eta Eusko Legebiltzarrean izan dira jada, Eusko Jaurlaritzarekin ere bildu dira, “baina zuzendaritzaren jarrerak penagarria izaten jarraitzen du”, diote. Mozioak aurkeztuko dituzte orain, hainbat udaletako plenoetan.
Klinika kontzertatua da Asunción; “ezin dugu ahaztu ospitale publikorik ez duen EAEko eskualde bakarra garela”, gogoratu du lan-batzordeak. Jaurlaritzatik urtean 21 milioi euro jasotzen dituela, baina hitzarmenik gabe segitzen dutela kritikatu dute, “Klinikako zuzendariak, Montoya jaunak, diru publikoa bere enpresa pribatuetarako eta aberasteko erabiltzen duen bitartean”. Salatu dutenez, “Klinikaren funtzionamendua gainbehera doa: medikuak eta erizainak alde egiten ari dira eta Traumatologiako zerbitzuan mediku askok ospa egin dute. Momentu honetan 2-3 traumatologo baino ez ditugu, 7-8 traumatologo izan beharko genituenean. Horren ondorioa da larrialdietako kirofanoak Donostiara bideratzen dituztela”.
Astean hiru egunez, ordu eta erdiko paroak egiten dituzte langileek eta apirilaren 25ean egun guztiko paroa egingo dute. Horrez gain, hurrengo astean udal ugaritako plenoetan mozioa aurkeztuko dute. Mozioan jasotzen denez, “lan publikoa egiten dugunez, gure lan-baldintzak Osakidetzarekin berdintzea” eskatzen dute, “gure baldintzak prekarioak diren heinean eskaintzen den arretak ezin baitu kalitatezkoa izan”. Besteak beste, Udalbatzei eskatzen diete “hitzarmen duin bat sina dezatela; herritarron diruaren jarraipen zehatza egin dadila, kalitatezko osasun zerbitzua eta lan-baldintza egokiak berretsiko dituena; Tolosaldean kalitatezko osasun publikoa, doakoa, unibertsala eta gainontzeko eskualdeetako berdina izatea; eta Udalak eska dezala Osasun Sailarekin dagoen hitzarmena bete dadila”.
Herri handienetan, kontzentrazioa ere egingo dute pleno egunetan: Billabonan (apirilak 23), Tolosan (apirilak 24) eta Andoainen (apirilak 26).