argia.eus
INPRIMATU
Astra “kulturarako fabrika soziala” larunbatean inauguratuko dute Gernikan
  • Larunbat honetan inauguratuko dute Gernika-Lumoko Astra berritua. Programa zabala prestatu dute horretarako, urtarrilaren 5era arte iraungo duena. Arma fabrika zaharra “kulturarako fabrika soziala” bihurtu dute Gernikako herritarrek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2012ko abenduaren 20a
Gernikako Astra berritua.

Abenduaren 29a izango da egitarauko egun nagusia, kalejirarekin hasi, Astrari ateak irekitzearekin segi eta dantza, musika, performanceak edo medialab ibiltariarekin bukatu. Beste egunetan ere eskaintza zabala: graffiti saioak, Lisabören eta Jupiter Jonen kontzertua, Linux instalazio jaia… Egitarauaren laburpena irakur daiteke Astraren webgunean.

Eraikinaren lehenengo okupazioaren 7. urteurrenarekin bat egingo du inaugurazioak. Proiektua bideratzen ari den koordinadorak adierazi duenez, “herritarren konkista” izan da puntu honetaraino iritsi izana. Herritarrak izango baitira proiektua gidatuko dutenak: “Arlo publikoaren kudeaketan jendartearen parte-hartze zuzena bultzatzen duen espazio” gisa definitu dute proiektua.

Kultura eta ekimen soziala

Kulturaren definizio zabala landu nahi dute, ekoizpen artistikoa bai, baina baita ekimen soziala, pentsamendu kritikoa eta esfera publikoaren demokratizazioa ere. “Astra denona da eta aldi berean inorena ere ez, erabili eta kudeatu nahi duten pertsona guztien esku dago, eta erabakiak modu parte-hartzailean hartzen dira asanblean nahiz lan-taldeetan”.

Lau faktoria izango ditu Astrak, honako diziplinak garatzeko: arte eszenikoak eta gorputz adierazpena; ikus-entzunezkoak eta diseinua; arte plastikoak eta eskulanak; eta hitzaren faktoria. Hortik harago baina, definizio itxietatik ihes egiten duen proiektua da:

“Astra bere egingo du erabiltzaile eta parte-hartzaile bakoitzak, eta gaztetxe, sormen lantegi, fabrika sozial eta kultural, kultura fabrika edo dena delakoa izango da, pertsona eta taldearen arabera”.

Prozesu luzea behar izan da Astra proiektuaren izaera definitzeko. Herritarren parte-hartzeari esker da posible asteburu honetatik aurrera Gernikan ikusiko dena, Leire Lopez Ziluagak Larrunen 160. zenbakian kontatu zuen moduan.

Informazio gehiago:

Astra proiektuari buruzko bideo honetan fabrikari buruzko informazio asko eskaintzen da: