Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.
“Auzotik eta auzoarentzat” sortutako jai herrikoien egitaraua bizilagunen parte hartze handiari esker osatu da, ohi moduan. Aurten auzoko 49 kolektibok hartu dute parte, eta 160 saltoki eta tabernak.
Ekainaren 23an hasiko da ofizialki 2025eko Zaharraz Harro!, 18:00etan ”Bollerias Plazan” botako duten txupinazoarekin. Jarraian, plazatik bertatik abiatuko da kalejira bat, Hemen auzokideak bizi dira! lelopean. Hortik aurrera, ezin konta ahala jarduera, askotarikoak, adin eta interes mota guztientzako: mobilizazioak, ibilaldiak, auzolana, ginkana aldarrikatzailea, herri bazkaria, hamaika kontzertu, tailer eta hitzaldi, atzerkia, kale zinema…
Hemen programazio guztia:
Gozatu eta aldarrikatu, Korda gogoan
“Jai hauek festa eta aldarrikapena batzen dituzte eta horregatik aurtengoan auzoa bizirik dagoela aldarrikatzen duten ekimenetan jarri nahi dugu enfasia”, adierazi du Zaharraz Harro!-k ohar bidez. “Aipamen berezia” egin diote berriki Ertzaintzak hustu duen Korda espazio okupatuari, eta aipatu dituzte ere Emisio Gutxiko Eremuen ezarpenak sortzen dizkien “zalantzak”, edo Auzolana pilotaleku okupatuaren urteurrena.
“Honengatik guztiagatik, poliziaren presentziaren, pisu turistikoen igoeraren, etxebizitzaren garestitzearen edo pertsonak eta kolektiboak kaleratzearen aurrean, elkartzen jarraitzea bultzatzen dugu, kaleetan eta plazetan hitz eginez, ataritik edo kolektiboetatik antolatuz eta auzoko kaleetan eta espazioetan borrokatuz”, adierazi dute.
Aurtengo jaietako kartela, Korda espazioa gogoan: