argia.eus
INPRIMATU
Astelehenean hasiko dira errefuxiatuak Turkiara deportatzen
  • Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak jakinarazi du apirilaren 4an deportatuko dituztela lehen 500 errefuxiatuak Greziatik Turkiara, AFP agentziak zabaldu duenez.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 01a

Asiloa eskatu ez duten siriarrak, afganiarrak, pakistandarrak, eta asilo eskaera onartu ez dieten errefuxiatuak deportatuko dituzte, agentziak jaso duenez. Europar Batasunak (EB) jakinarazi zuen aukera emango diola errefuxiatu bakoitzari legezko babes eskaera egin dezan, baina hau egin ondoren, automatikoki kanporatuko dituzte.

Greziako Chios eta Lesvos irletatik kanporatuko dituzte “ziurrenik” lehen errefuxiatuak, Gobernuak azaldu duenez. Irla horietako erregistro zentroetan milaka iheslari daude, eta egunero ari dira bertara gehiago heltzen EBk eta Turkiak akordioa sinatu badute ere.

Kanporatutako pertsona bakoitzagatik Turkiatik beste bat sartu ahal izango da legez EBra. Hala ere, EBk adierazi zuen jada 72.000 pertsona bakarrik hartuko lituzkeela.

Turkiara ailegatzen diren errefuxiatuak kostaldean dagoen Dikili herriko zentro batera eta herrialdean dauden kanpamentuetara bidaliko dituzte, Turkiako Hurriyet egunkariak azaldu duenez.