Hasi da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa

  • Larunbatean manifestazioa egin zen Iruñean Altsasuko zortzi auziperatuen alde. Kasuak terrorismoarekin zerikusirik ez duela argudiatuta, auzia Nafarroan epaitzea eskatu zen, ez Madrilen.


2018ko apirilaren 16an - 10:29
Epaiketa hastear, jendetza bildu da Auzitegi parean (Arg: Euskalerria Irratia)

Altsasuko zortzi gazte auziperatuen kasua 2016ko urrian hasi zen, Altsasuko jaietan. Goizaldeko bostak aldera liskarra sortu zen Koxka tabernan, herriko gazte batzuen eta lanorduz kanpo tabernan zeuden guardia zibilen eta euren bikotekideen artean. Liskarraren ondorioz, eta guardia zibilek zauri arinak izan zituztela eta, “terrorismo delituak” egotzi dizkiete herriko zortzi gazteri: Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad –kartzelan daude hiru hauek–, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urte eta erdikoa Arnanzi, eta 12 urtekoa Urkijori. Orotara, 375 urte auziperatu guztientzat.

Guaixe atariak kronologikoki jaso ditu Altsasuko gertakariak lotura honetan.

Epaiketa

Concepción Espejel epaileak eramango du ahozko auzia Madrilen. Hiru gaztek urte eta erdi kartzelan eman ostean hasiko da epaiketa. Epaiketa hilaren 27 arte luzatuko dela aurreikusten da. Defentsak Espejel auzitik baztertzea eskatu zuen, Guardia Zibil batekin ezkonduta baitago eta horrek “inpartzialtasuna” kentzen diola argudiatuta, baina ez da aldaketarik onartu.

Deklarazioekin hasi aurretik eta aurretiazko gairik baldin badago, epaimahaiak horien inguruko erabakiak hartu beharko ditu, eta horren ondotik hasiko da epaiketa, auzipetuen deklarazioekin. Haiek fiskalaren eta Coviteren akusazio partikularraren galderei erantzuteko tartea izango dute, baina erabaki dezakete defentsaren abokatuei bakarrik erantzutea. Covite biktimen elkarteak “erasoaren egileak terrorismo delituarekin lotura duten gorroto delituengatik eta agintearen kontrako atentatuagatik” salatu zituen zortziak.

Bigarren egunean salaketa jarri dutenen txanda izango da, eta hurrengo hiru egunetan lekukoen txanda iritsiko da. Epaiketaren bigarren astean Guardia Zibilaren perituak arituko dira lekukotza ematen.

Iruñeko 3. instrukzio epaile Maria Paz Benitok atzera bota zituen Altsasuko gazteen defentsak aurkeztutako apelazio eta erreforma helegiteak. Beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen ferietako liskarraren auzia.

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak auziarekin lotuta idatzitako txostenak esaten zuen auzia Nafarroan epaitu behar dela, eta hori bera defendatzen du zortzi gazteen defentsak. Alabaina, Coviteren salaketaren ondorioz, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zen, eta Carmen Lamela instrukzio epaileak tabernako liskarra “terrorismoa” izan zela ebatzi zuen auzipetze autoan. 2015eko Zigor Kodeko 573. artikulua baliatu zuen horretarako. Artikuluak jasotzen du terrorismo delitutzat hartuko dela “bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako edozein delitu larri” eta “biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzen duena”.

The Guardian hedabideko Pascale Davies kazetariak artikulu zabala idatzi du Altsasuko auziaren inguruan, eta ez da izan Espainiako Estatuko hainbat politikariren gustukoa. Kasurako, UPyDko diputatu Rosa Díezek gogor egin du artikuluaren aurka.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude