Heldu den asteburuan, irailaren 20tik 24ra, Italiako Turinek ikusiko du kultura gastronomikoaz nazioartean burutzen den feriarik inportanteena. Slow Food mugimenduaren inguruan sortutako Terra Madre antolatzen dutenen arabera, 160 herrialdetako 5.000 ordezkari bilduko dira, 800 erakustoki animatuz. Ipar Euskal Herriko laborantzaren ekoizpen ezagunenetakoak ere bertan izango dira.
Food for Change, Aldaketa elikaduraren bitartez, goiburu horrek animatuko du Turingo Terra Madre feria bere 12. edizioan. Antolatzaileek zabaldutako egitarauan ageri denez, Slow Food mugimenduak lehenesten dituen gai nagusien inguruko erakusketa eta forumetan parte hartu ahal izango da bertan. Horietan eztabaidatuko dira pestizidak bezala elikaduraren eta giza osasunaren arteko loturak, eskoletako jangelen garrantzia, bioaniztasuna, elikadura eta espiritualitatea, eta abar luzea. Slow Foodek munduko elikaduren aniztasuna sustatzen duenez, mundu osoko jaki eta sukaldatzeko erak aurkeztuko dira Turinen. Era berean, gehienok janaritzat jotzen ez ditugun izaki eta gaien elikatzeko ahalmenak ere ezagutzeko aukera aparta da.
Elkarrizketarako gai nagusitzat hiru hautatu dituzte 2018ko edizioan: Autoktonoak, Migratzaileak eta Gazteak. Eztabaida eta foroez gain, zaporeen laborategia, enoteka, B2B profesionalen harreman lekua eta abar luzea iragartzen dira.
Frantziako Slow Food mugimenduaren barruan, Turinen presentzia nabarmena izango dute Ipar Euskal Herriko baserritarrek eta beren produktuek. Turingo Terra Madrera hurbiltzen direnek hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte Itsasuko Gereziak, Manex Buru Beltz Axuria, Kintoa Euskal Txerria, Mendiko Euskal Gaztak, Euskal Herriko arto gorria, Euskal Herriko eta Seignautzeko Biper Gozoa eta Ipar Euskal Herriko Sagarnoa.
Slow Food mugimenduaren sortzaile Carlo Petrinik honela azaldu zion ARGIAri gaiaren mamia 2013an: