argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean egingo dute Frantzisko aita santuaren hileta, eta maiatzean berria hautatzeko konklabea
  • 88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko apirilaren 22a

Hamabi urtez izan da Jorge Mario Bergoglio argentinarra eliza katolikoaren buru, Frantzisko I izengoitiarekin. Askoren ustekaberako heldu zen kargura, espero gabe ere karguari uko egin baitzion Benedikto XVI.ak; ordura arte normalena zen aita santu berria hautatzea behin aurrekoa zenduta, ez karguari muzin eginda. Frantzisko aita santua Europatik kanpo jaiotako lehenbiziko aita santua bilakatu zen.

88 urterekin zendu da, iktus batek jota, azken hilabeteotan osasun arazo larriak izan ondotik. Hilabete inguru eman zuen Erromako ospitale batean, pneumoniak larri jota. Duela hilabete eman zioten alta, eta eliza katolikoaren jaiegun hauetan, Aste Santuan, Vatikanoan egon da. Esaterako, hil bezperan, Aste Santuko Berpizkundearen Igandean, jendaurrean agertu zen bedeinkazioa emateko. Hori baino lehen, AEBetako presidenteorde JD Vanceren bisita jaso zuen Vatikanoan.

Oraindik zehaztuta ez badago ere, Frantzisko aita santuaren hileta ostiraletik iganderako tartean egingo da, kardinalen kongregazioak ipini beharko du data, eta talde horrek berak ezarriko du hurrengo aita santua hautatzeko konklabearen hitzordua. Maiatzean izango da. Vatikanoko araudiak dio heriotzatik bi edo hiru astera izan behar duela. Orduan, 80 urte baino gutxiagoko kardinalak Kapera Sixtinoan bilduko dira eta aita santu berria aukeratu arte isolatuta egongo dira, kanpoaldearekin komunikaziorik gabe. Aukeratua izateko, hautagaiak botoen bi herenen babesa beharko du; bozketa sekretua izaten da, boto-paperen bidezkoa, eta lau aldiz egiten da goizean, behar beste egunez segidan, aita santua aukeratu arte.

Batzuek begiko zuten aita santua

Frantzisko aita santuaren "konpromiso soziala" nabarmendu dute nazioarteko hainbat eragilek, besteak beste, Europako erakundeek. Hego Euskal Herriko bi gobernuek, esaterako, hiru eguneko dolu egunak ezarri dituzte, Espainiako Gobernuak egin moduan. "Zaurgarrien alde egindako lana" goratu diote. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, bestalde, Frantziskoren "umiltasuna eta zorigaiztokoen aldeko maitasuna" nabarmendu ditu; haren iritziz, "mundua bidezkoago, baketsuago eta errukitsuago baten alde" egin zuen lan. Era berean, atsekabea adierazi dute Errusiako eta Ukrainako goi agintariek, baita AEBetakoek ere, eta Hamas erakundeak, bere aldetik, azpimarratu du "Palestinako herriaren eskubide legitimoen defendatzaile sutsua" zela aita santua.

Oro har, txiroenen alde egindakoa goraipatu diote Bergogliori, eta aho bizarrik gabe hitz egiten zuela, ildorik kontserbadoreena aurka edukita. Besteren artean, kapitalismo garaikidea kritikatu zuen adierazpenen batean baino gehiagotan, "txirotasuna elikatzen duelako", eta, bide horretan, estatuek merkatuan esku hartzea ontzat jo zuen, nahiz inor horretara bideratzea lortu ez. Ukrainako bandera eskuetan ere agertu zen behin, tematuta baitzegoen bake prozesua bideratzearekin. Eta, nagusiki, migratzaileen eskubideen alde egindako lana goratu zaio, besteak beste, kargua hartu eta segituan Lanpedusara egin baitzuen bidaia. Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan liburua gomendatu zuen kazetariekin egindako bidaia batean.