argia.eus
INPRIMATU
Asteburu honetan hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia
  • Larunbatean Getxon izango da lehen saioa eta igandean Arrasaten, biak 17:00etan. Lehen fase honetan 36 bertsolarik kantatuko dute eta horietatik 19 sailkatuko dira finalaurrekoetara.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 23a

Hastear da Bertsolari Txapelketa nagusia. Irailaren 24an, Getxoko Muxikebarri Zentroan kantatuko dute honako sei bertsolariek: Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Mendizabal Jauregi.

Irailaren 25ean, Arrasateko Amaia Antzokian arituko dira beste sei bertsolari hauek: Gorka Pagonabarraga Agorria, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria.

Lehen fase honetan, 36 bertsolaritik 19 pasatuko dira finalaurrekoetara

Txapelketa honetan 42 bertsolarik hartuko dute parte, baina denek ez dute fase berean hasiko txapelketa. Aurreko txapeldun Maialen Lujanbio finalean da jada, beste zazpiren zain. Eta aurreko txapelketan finalista izan ziren Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre finalaurrekoetan sartuko dira lehiara.

Beraz, lehen fase honetan 36 bertsolari arituko dira kantuan, bakoitzak bere herrialdeko txapelketan lortu zuen sailkapenari esker. Lehen fase honetan sei bertsolariko sei saio egingo dira, eta hauetatik 19 pasatuko dira finalaurrekoetara: saio bakoitzean nagusitu diren sei bertsolariak zuzenean, eta beraien saioan lehenak izan ez arren puntu gehien lortu dituzten 13ak.

Sarrerak salgai

Saio hauetara joateko asmoa duen bertsozaleak, baditu bi modu: Internet bidez sarrerak eskuratuta, webgune honetan. Edo saioko leihatilan erosita (15:00etan zabalduko da leihatila, egunean bertan).