Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta errepresio faxistei aurre egiteaz, Palestinaz, berrarmatzeaz eta gerra inperialistaz eta euskararen egoeraz mintzatuko dira. "Herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua" izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Bost urte Irrisarrin eman ondoren, hazi berri bat erein zuen iaz EHZ festibalak Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea), eta hala egiten jarraituko du aurten ere. Ekainaren 27tik 29ra bitarte oholtza gainera igoko dira Fermin Muguruza, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Kaskezur, Zetkin, Errobi eta Tapia eta Leturia gisako artistak. Horrez gain, egungo auzi nagusiez mintzatzeko tartea ere izango dute festibalera bertaratuko direnek, hala nola lurraren defentsa, diskurtso eta errepresio faxistei aurre egitea, Palestina, berrarmatzea eta gerra inperialista eta euskararen egoera jorratuko dituzten hitzaldiekin.
Antolatzaileek adierazi dute festibala "herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua" dela, "produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetik kanpo". "Elkar trukea, auzolana eta autogestioa" oinarri harturik, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek lan militanteari esker landatu dute EHZ. Antolatzaileen arabera, festibalak landuriko lurrak "emankor" izaten segitzen du, "kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazioa inoiz baino bortitzagoa den garaiotan".
Fermin Muguruza eta Errobi, kartel buru
Festibalak iraungo dituen hiru egunetan oholtzara igoko diren musikarien artean, Fermin Muguruza eta Errobi izango dira nagusi. Lehena, iaz 40. urteurreneko birari ekin eta joan den astean Anoeta estadioan 30.000 lagun bildu ondoren igoko da Arberatzeko-Zilhekoako oholtzara. Antolatzaileek esan dutenez, Muguruzak lotura handia du EHZ festibalarekin bere hastapenetatik, hark lagundu baitzuen festibala sortuko zuen Piztu elkartea eratzen, Esan Ozenki bere disko independentearen bidez.
1985ean Agur t'erdi diskoa grabatu ondoren talde gisa bereizi baziren ere, Errobiren ibilbidea piztu zuten berriz Mixel Ducau eta Anje Duhaldek 2024an, taldearen 50. urteurrenaren harira. EHZ festibaleko oholtzara igande arratsaldean igoko da "euskal kantagintzako izen mitikoetako bat" dena, antolatzaileek diotenez.
Musikaz gain, ikuskizunerako eta eztabaidarako tartea ere bai
Egungo makrofestibalen logikatik kanpo, EHZ festibala ez du bakarrik musikak osatuko, baita ikuskizunek eta hitzaldiek ere. Lehenari dagokionez, larunbatean Ibawa kolektiboaren "Gaua" proiektuaz eta Altxaliliren drag antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek; igandean, esaterako, Ane Lindane umoregile bilbotarraren bakarrizketaz edota Duguna dantza talde iruindarraren ikuskizunaz.
Arberatze-Zilhekoako eskolan, larunbatean eta igandean eskainiko diren hitzaldietan, egungo testuinguru politiko eta sozialari dagokionez puri-purian dauden hainbat auzi jorratuko dira: besteak beste, Palestinako genozidioa, euskararen egoera, lurraren defentsa, berrarmatzea eta gerra inperialista eta diskurtso eta antolakunde faxisten gorakada.
Haurrentzako xokoa
Haurrentzako eskaintza ere edukiko du EHZ festibalak "Haurren xokoa" espazioan, larunbatean eta igandean bertan tricking tailerra, esku-lan tailerrak edota Pontx pailazoaren emanaldia eskainiko direlarik. Gainera, igande eguerdian karpa azpian EHZk urtero antolatzen duen Zikiro tradizionala izango da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik, eta bertan Ipar Euskal Herriko laborariek laborantza herrikoian ekoizturiko produktuak izango dira eskura.