argia.eus
INPRIMATU
Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute
  • Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35 hildako eta gutxienez 200.000 desplazatu utzi dituzten liskarrei amaiera emateko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 28a
Kanbodiako tropak Oddar Meanchey probintzian, Tailandiarekin mugan. Tang Chhin Sothy / AFP

Maiatzetik, bi herrialdeen arteko tentsioak nabarmen egin du gora, hilabete horretan Kanbodiako eta Thailandiako segurtasun indarrek tiroketa bat izan baitzuten mugako Preah Vihear tenplu gatazkatsuaren inguruan. Duela astebete guztiz lehertu zen tentsio hori, Thailandiako bost soldaduk mugan zehar zebiltzala pertsonen aurkako minak zapaldu zituztenean: The Guardian hedabidearen arabera, horietako bi eztandak bertan hil zituen, eta beste hiru zauritu egin ziren. Gertakari horrez geroztik, mugan bi armaden arteko tiroketak eta aire erasoak gertatu dira, 35 hildako eta gutxienez 200.000 desplazatu eragin dituztenak.

Elkarri eraso egiteari ekin eta berehala, Thailandiak eta Kanbodiak bien arteko harreman diplomatikoak eten zituzten: Thailandiako behin-behineko lehen ministro Phumtham Wechayachaik iragarri zuen Kanbodian zegoen enbaxadorea erretiratuko zuela, eta Bangkoken zegoen Kanbodiako enbaxadorea herrialdetik kanporatuko zuela ere bai. Hain zuzen, Wechayachairen aurretik herrialdeko lehen ministroa zen Paetongtarn Shinawatrak dimisioa eman behar izan zuen uztailaren hasieran Kanbodiarekin lotutako gertakari batengatik: herrialde horretako senatuko buruarekin eduki zuen telefono dei bat argitara atera zen Thailandiako hedabideetan.

Gatazka berpiztu eta astebetera, Thailandia eta Kanbodiako ordezkariak Putrajay hirian (Malaysia) bildu dira astelehenean, Anwar Ibrahim herrialdeko lehen ministroaren egoitzan. AEBetako eta Txinako ordezkariak ere bertan izan dira bilera jarraitzen, Anwarren esanetan azken egunetan lanean aritu baitira "gatazkari konponbide baketsu bat emateko". Bilera horretan "berehala eta baldintzarik gabe" ezarriko den su-eten akordio bat sinatu dute Thailandiak eta Kanbodiak, bien arteko mugan astebete iraun duten tiroketei eta aire erasoei amaiera emango diena. 

Kolonizazio aldian jatorria

1953an Frantziaren kolonizazioarekiko independentzia aldarrikatu zuen Kanbodiak, ia mende batez hari azpiratuta egon ostean. Hain zuzen, aldi horretan du jatorria Thailandiaren eta Kanbodiako mugen arteko gatazkak, Frantziarekiko deskolonizazio prozesuan zehaztu ez ziren mugako hainbat eremuren gaineko kontrola aldarrikatzen baitute bi herrialdeek: esaterako, duela astebete abiatutako liskarren pizgarria izan zen Preah Vihear tenplua.

Horrez gain, Thailandiako tropek mugan ezbehar bat baino gehiago eduki dituzte pertsonen aurkako minekin. Bangkokek soldadu kanbodiarrei behin eta berriz leporatu izan die bere lurretan infiltratzea gisa horretako lehergailuak jartzeko: Kanbodiak, ordea, argudiatu izan du mina horiek 1967 eta 1975 artean herrialdea kolpatu zuen gerra zibiletik daudela hor, muga zaintzeko helburuarekin ezarri zirenak.